Erreskatea Espainiarentzat

Erreskateak Espainiaren defizit publikoa handituko duela baieztatu du Bruselak

Eurostatek jakinarazi du mailegua zor publiko gisa eta haren interesak defizit moduan kontatu beharko direla

LABeko ordezkariak Bankiaren Bilboko egoitzara sartu ziren atzo. LAB.
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Europak bankuak salbatzeko 100.000 milioi eurora arteko laguntza emango diola Espainiari. Oraingoz, hori da erreskatearen inguruko informazio ziur bakarra. Inork ez baititu gainontzeko baldintzak argitzen, hitzartzeke omen dituztelako. «Ez gara eztabaidatzen hasi, Espainiako agintariek oraindik ez dutelako laguntza eskaera formalik egin», adierazi zuen atzo Amadeu Altafaj Europako Ekonomia Gaietarako bozeramaileak. Espainiako agintari horiek, baina, hasi dira baldintzen inguruan espekulatzen. Fernando Jimenez Ekonomiako Estatu idazkariak berak zioen atzo «oso erakargarria» litzatekeela mailegua hamabost urtean eta %3ko interesarekin itzuli behar izatea.

Kongresuan, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak, berriz, berretsi zuen Europak utzitako dirua bankuek itzuli beharko dutela, eta ziurtatu zuen herrialdeko ekonomiak eta herritarrek ez dutela aparteko ondoriorik jasango. Hori ikusteko dago, ordea. Laguntzak Espainiaren defizitean eraginik ez balu eta Madrilek orain arte egindako murrizketek esperotako emaitzak emango balituzte, agian ez luke neurri gehigarririk hartu beharrik izango. Baina Eurostat estatistika erakundeak oso garbi utzi zuen atzo mailegua zor gisa kontatu beharko dela eta haren interesak defizit moduan.

Are gehiago. Eurostaten arabera, ez dago baztertzerik maileguaren zati bat defizit bihurtzeko aukera. Diruari ematen zaion erabileran egongo da gakoa: erakundeen zuloak tapatzeko erabiltzen bada, estatu laguntza izaera hartuko du, eta defizit moduan kontatu beharko da. Eta defizita handitzeak gastua murriztu beharra dakar.

100.000 milioi euro Espainiako BPG barne produktu gordinaren %10 dira. Horrek esan nahi du Espainiak Europak eskainitako guztia hartuko balu BPGaren %79tik %90era haziko litzatekeela herrialdearen zorra. Maileguaren baldintzak hitzartu artean, baina, defizitean izango lukeen eragina zehaztea ezinezkotzat jo du Eurostatek.

Madrilen gezurren kontra

Euskal Herria Bildu koalizioarentzat, «gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da burujabetzaren bidean aurrerapauso bat egitea», Espainiak inposatutako politiketatik ihes egiteko. Bilbon egindako agerraldian, «Raxoiren gezurren aurrean», beste eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatu zuten koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariek. «Duela hilabete batzuk zioen Espainiako finantza erakundeen kontuak txukun zeudela. Gezurra. Orain dio erreskateak ez duela inolako ondoriorik izango herritarren patriketan. Beste gezur bat». Marije Fullaondo ezker abertzaleko bozeramailearen hitzetan, gezurrak esateari utzi eta airean dauden galderei erantzuten hasi behar luke Madrilek.

Erabakiak hartzeko garaia dela iritzita, Euskal Herrian banku publiko bat sortzea proposatu zuen EH Bilduk, «espekulatzeari utzi eta inbertsioa sektore estrategikoetara, enplegua sortzera eta herritarren ongizatea ziurtatzera bideratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.