PATXI LOPEZ
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria«Helburua ez bada ekonomia, enpresa eta familiei laguntzea, ez du askorako balioko»
Espainia erreskatatu izana «ez da albiste ona», Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat, «dirua uzten digutenek baldintzak jarriko dizkigutelako eta maniobrak egiteko aukera gutxiago izango dugulako». Bankuak onbideratzeko esfortzua egin dela dio, «baina azken helburua ez bada ekonomia, enpresa eta familiei laguntzea, ziurrenik ez du askorako balioko».
Kutxabankek ez duela inolako laguntza beharrik nabarmendu du, «kaudimen maila ona duelako eta ongi kudeatu delako». Hala ere, Eusko Jaurlaritza laguntzeko prest dagoela dio. Lopezen arabera, finantza erakundeek jasotzen dituzten laguntzek «gardenak» izan behar dute,eta bermeak eskatu behar zaizkie itzuliko direla ziurtatzeko eta maileguen «txorrota irekitzeko» balio izateko.
IÑIGO URKULLU
EAJren presidentea«Zerga sistemari, kontzertu ekonomikoari eta estatuaren ereduari eragingo dio»
Espainiako Gobernuari «gardentasuna eta argitasuna» eskatu dio Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, eta PPri gogoratu dio beste herrialde batzuetan erori egin direla gehiengo osoa zuten gobernuak. Egoera ekonomikoak alderdi guztien arteko «adostasuna» galdegiten duela uste du, «zerga sistemari, kontzertu ekonomikoari eta estatuaren ereduari ere eragingo diolako». Urkulluk adierazi du egoerak finantza sisteman eta ekonomian izango dituen ondorioek kezka eragiten diotela.
Iñaki Azkuna Bilboko alkatearentzat, «albiste txarra» da Espainia erreskatatu izana, nahiz eta Raxoik baldintza onetan lortu duela esan. Alabaina, alde on bat ere ikusten dio. «Behingoz, amaitu egingo dira azken asteotako zalantzak. Zalantzek arrisku saria igoarazi eta maileguen kredituen interesak %6,5 eta %7an kokatzen zituzten, ordainezin bihurtuz».
AMAIUR
«Bankuak ez dira erreskatatu behar, ikertu, auzipetu eta epaitu baizik, Islandian bezala»
Amaiurren ustez, diru publikoarekin bankuen kalteak konpondu eta gero esku pribatuei saltzea ez da bidea, galerak sozializatzea eta irabaziak pribatizatzea esan nahi duelako horrek. «Bankuak ez dira erreskatatu behar, ikertu, auzipetu eta epaitu baizik, Islandian bezala».Azken hamarkadetan bankuek egindako lana ikertu behar dela esan du, krisia zerk eragin duen ikusteko. Hori egindakoan, erantzukizunak pertsonalak nahiz ekonomikoak eskatu behar direla dio, «bankuak zuzendu dituztenei nahiz haien kudeaketa bermatu duten gobernuei eta politikariei».
PPren «harrotasuna» salatu du alderdiak. Alde batetik, gogorarazi du PPk ez duela nahi izan «iruzur honen eragile nagusiek» Kongresuan agerraldia egiterik; bestetik, uneoro gezurra esatea leporatu dio. Amaiurrek dio Espainiako Gobernuak lehenbailehen azaldu behar diela herritarrei zein baldintza jarri dituen Europak eta zein den 100.000 milioiren kredituaren letra txikia.
ANTONIO BASAGOITI
Euskadiko PPko presidentea«Eri bat zegoen eta ebakuntza egin dio PPk; aurreko gobernua aspirina ematen aritu zen»
Erreskatea «mugarria» izan da, Antonio Basagoiti Euskadiko PPren presidentearentzat. «Eri bat zegoen, eta PPk ebakuntza egin dio; aurreko gobernua aspirina ematen aritu zen». Aspirinak min gutxiago egiten duela esan du, «baina, azkenean, gaixoak zuloan bukatzen du». Basagoitiren esanetan, ongi atera da ebakuntza, «zirkulazio sistema funtzionatzen hasi delako, eta hori ezinbestekoa delako bizi ahal izateko». Arazo bakarra egon da Euskadiko PPko presidentearen iritziz: «gaixoa ez da garaiz tratatu».
Gaur egungo egoeran, hiru aukera zeudela zehaztu du: Espainiak porrot egitea, nazioarteak herrialdean esku hartzea edo banku txarrak erreskatatzea. Hirugarrena hautatu denez, mina askoz arinagoa izango dela dio. Doikuntza neurri gehiago hartu beharko direla onartu du, baina hemendik aurrera «min gutxiago» egingo dutela dio. Basagoitiren esanetan, Raxoik agerraldia egin behar luke parlamentuan, eta egingo duela uste du, Europako Kontseiluaren ondoren.
CONFEBASK
«Pozgarria da esku hartzea finantza sektorera bakarrik mugatu izana»
Akordioaren baldintza teknikoak jakiteko eta ekonomiaren bilakaeran izango dituen ondorioak ikusteko zain dago Confebask enpresaburuen elkartea. Hala eta guztiz ere, uste du behar-beharrezkoa zela arriskuan diren finantza erakundeen kapital oinarriak sendotzea. «Ezinbesteko abiapuntua zen bidegurutze honetatik ateratzeko».
Confebasken arabera, «pozgarria da esku hartzea finantza sektorera bakarrik mugatu izana». Erreskateak sektorearen berregituraketari mesede egingo diola azaldu du, eta horrez gain, bi helburu betetzeko lagungarria izango dela dio: familia eta enpresentzako maileguak gehitzeko eta nazioarteko erakunde eta inbertsiogileen konfiantza berreskuratzeko. Puntu honetara iritsi izana gaitzetsi du patronalak, eta gardentasuna exijitu du herritarrek uler ditzaten hartutako salbuespeneko neurriak.
ADOLFO MUÑOZ
ELAko idazkari nagusia«Ez da erreskate bat, amildegira egindako bultzakada bat baizik»
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan, «bidegabea» da herritarrei dirua kendu eta bankuei ematea. «Ez da erreskate bat, amildegira egindako bultzakada bat baizik. Herritarrak txirotzea ekarriko du, langabezia eta gizarte babesaren galera izango dira nagusi».
Ez direla fio esan du Muñozek. «Zalantzarik ez badute bankuen ordaintzeko gaitasunaz, edo Espainiako bankuetan inbertitzearen errentagarritasunaz, inberti dezatela kapital pribatuek». ELAko idazkari nagusiaren esanetan, erortzen utzi behar zaie gaizki kudeatutako bankuei: «Ezin dira arduragabeak eta oportunistak saritu».