Errespetu gosez, gose greban

Gose greban dago Mikel Berekoetxea garraiolaria. Jasandako tratu txarraren berri emateagatik lanik gabe geratu dela salatu nahi du protestaren bidez.

Miren Garate.
Pasaia
2010eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Pasaiako portuan dauka aparkatuta kamioia Mikel Berekoetxea garraiolari autonomoak, Hiru sindikatuko banderak zintzilik dauzkala. Herenegun eguerditik gose greba ari da egiten. Protestaren bidez, jasandako «tratu txarra, irainak eta errespetu falta» salatu nahi ditu. Eta esan du portuan lan egiten duten langileak gaiarekin «sentsibilizatu» artean jarraituko duela jan gabe.

Garraiolariekiko errespetu falta etengabekoa dela adierazi du Berekoetxeak. Hala ere, martxoaren 26an gertatutakoagatik hasi du gose greba. Egun horretan, portukoManuel Camara enpresara joan zen txatarra kargatzera. 42 tonako zama dute baimenduta garraiolariek.Kopuru horretara iritsi aurretik zamatzaileari gelditzeko esan ziola azaldu du. «Ez zidan kasurik egin. Hiru ahaleginen ondoren lortu nuen geratzea. Orduan, leihoa ireki, eta haizea hartzera joateko esan zidan».

Zamatzaileak txatarra zapaltzen jarraitu zuela kontatu du, nahiz eta baimendutako pisuaren gainetik egon eta horrek hustea zailago egin. Horrez gain, ikusi zuen piezak gaizki zeudela kokatuta. Gainzama arintzeko, txatarrakentzen hasi zen Berekoetxea. Hori ikusita, berriro ere irainka hasi zitzaion zamatzailea. Bestelako jarrera bortitzak ere izan zituen.

Gertatutakoa Camara enpresako operazio buruari kontatu zion garraiolariak, eta horrelakorik berriz gerta ez zedin zein protokolo bete behar zen galdetu. Horrez gain, idatzi bat egiteko asmoa agertu zion, Camarakoek jakin zezaten zer gertatu zen. Alferrik egingo zuela erantzun zion operazio buruak, nahiz eta nola egin behar zuen azaldu. «Ordu erdira trafiko koordinatzaileari deitu nion, eta esan zidan operazio buruak deitu zuela, salaketarekin aurrera jarraituz gero Camarak ez zidala gehiago utziko kargatzen jakinarazteko».

Hala ere, aurrera egitea erabaki zuen Berekoetxeak. «Nik gertatutakoa salatzea erabaki dut. Beraz, ulertzen dut lana galdu dudala. Hemen gabiltzan langile guztiok jabetu behar dugu pertsonak garela eta, beraz, pertsonei zor zaien errespetua merezi dugula».

Egoera, eguneroko kontua

Hiru sindikatuko Estitxu Ugarte ondoan zuela kontatu du gertatutakoa Berekoetxeak. «Mikeli gertatutakoa ez da kasu bakan bat, Euskal Herriko enpresa guztietako eguneroko kontua baizik», azaldu du Ugartek. Lehen ehun garraiolariren artean egiten zuten lana orain 50ek egin behar izaten dutela dio, eta horrek presio handitu duela. Presio horrek errepideetako istripuekin zerikusi zuzena duela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.