DEFIZIT PUBLIKOA EUROPAKO BATASUNEAN

Erresuma Batua, Italia eta Herbehereak ohartu ditu Bruselak, defizitagatik

Portugalen aurkako prozedura ixteko eskatu du Almunia Ekonomia komisarioak, kontu publikoak bere onera itzultzen ari baitira

Iker Aranburu.
DONOSTIA
2004ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batzordearen lehen bileran lan eskerga izan zuen atzo Joaquin Almunia Ekonomia komisario berriak. Izan ere, Batzordeak erabaki zuen hiru estaturi espedientea zabaltzea defizit publikoaren muga hausteagatik: ohar espedientea Italiari eta zigor espedientearen aurrekoa Herbehereei eta Erresuma Batuari.

Berri onak ere zabaldu zituen Almuniak: Portugalen aurkako espedientea ixtea proposatu zuen, defizit publikoa %3ko mugatik jaistea lortu duelako.

-PORTUGAL: 2001an, Europako Egonkortasun Itunak defizit publikoari ezarritako gehienezko muga Barne Produktu Gordinaren %3 gainditu zuen lehen herrialdea izan zen, kontu publikoen %4,4ko desoreka izan baitzuen. Bruselak zigor espedientea zabaldu zion 2002an, eta Lisboako gobernuak berehala erantzun zuen, gastu publikoari sekulako mozketa eginda. Neurri ekonomiko gogorrek herritar askoren haserrea piztu zuten, baina Durao Barroso gobernuburuak erreformei eutsi zien. Ondorioz, 2002an eta 2003an %3tik behera geratu zen defizita, eta Portugalgo Gobernuak neurri gehiago jakinarazi ditu hurrengo urteotan ere maila hori ez gainditzeko. Horiek horrela, espedientea ixteko proposatu dio Europako Batzordeak Finantza Ministroen Kontseiluari, Ekofini.

-ITALIA: Oraindik ez du Italiak defizit publikoaren mugarik hautsi, baina Bruselak uste du aurten egingo duela, %3,2arekin. Hori dela-eta, «ohar goiztiar» bat egingo dio Batzordeak Erromako gobernuari. Bruselak iritzi dio Italiako Gobernuak «hazkuntza aurreikuspen baikorregiak» egiten dituela bere aurrekontu proiektuetan, eta betezinak direnez, azkenean gastuek diru sarrerak erraz gainditzen dituztela. Bide batez, exijitu dio Italiari «zor publikoa gutxitzeko erritmoa bizkor» dezala. Gaur egun, BPGren %106 zor du Italiako Estatuak. Zorrak %5 egin du behera 2000az geroztik, baina oraindik handiena da EBko hamabost herrialdeen artean. Italiako agintariek oharrak «kontuan hartuko» dituztela espero du Almuniak, nahiz eta Silvio Berlusconi lehen ministroakbehin baino gehiagotan esan duen Bruselaren aurreikuspenak «gehiegizkoak» direla. Berlusconik presio egingo dio Ekofini maiatzaren 11ko bileran ohar-espedientea bertan behera utz dezan, aurretik Alemania eta Frantzia boteretsuekin egin duen moduan.

-HERBEHEREAK: Iaz %3,2ko defizit publikoa izan zuten Herbehereek, eta horregatik espedientea zabaltzeko prozedura abiatu du Almuniak. Hala ere, komisarioak aitortu zuen hazkuntza negatiboa izan zela iaz Herbehereetan, eta Hagako gobernuak gastuak «nabarmen» murriztu zi-tuela. Batzordeak aurreikusi dudefizitak %3ko mugatik gora jarraituko duela 2004an eta 2005ean, baina Hagak defizita %0,6 txikituko luketen neurriakiragarri zituen apirilaren 16an. Plan hori hurrengo bi asteotan aztertuko du Almuniaren taldeak, Batzordeari Herbehereen aurkako prozedurarekin jarraitzea ala ez aholkatu aurretik.

-ERRESUMA BATUA: Londresek ere %3ko muga hautsi zuen iaz, baina Bruselak uste du aurten eta hurrengo urtean berriro haren azpitik geratuko dela. Hori dela eta, litekeena da atzo zabaldutako aurre-prozedura aurki bertan behera geratzea.

Komisario gisa egindako lehen prentsaurreko ofizialean, Almuniak erreforma sakonagoak egiteko eskatu zien Hamabostei, bere iritziz, hori baita bidea «bizkorrago hazteko».Komisarioak agindu zuen bere aurrekoaren ildoa jarraituko duela, eta, beraz, Egonkortasun Ituna betetzearen garrantzia azpimarratuko duela. Atzo, hain zuzen ere, aztertu zuen Luxenburgoko Auzitegiak Egonkortasun Ituna hausteagatik Europako Batzordeak Ekofinen aurka jarritako salaketa. Azaroko bileran, Ekofinek bertan behera utzi zituen Alemaniaren eta Frantziaren aurkako espedienteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.