Erresuma Batuak eta Herbehereek auzitara eramango dute Islandia

Bigarrenez, islandiarrek esan dute ez daudela finantza sistemaren porrota ordaintzeko prest

Erredakzioa
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Gobernuek lortu zuten akordioa. Islandiarrek, ordea, ez daudela ados esan dute erreferendumean, ez dizkietela 4.000 milioi euro ordainduko Erresuma Batuari eta Herbehereeifinantza erakundeen porrotak eragindako gastuak ordaintzeko. Bi herrialde horiek auzitara joko dutela esan dute.

2008tik dator kontua. Finantza sistemak hondoa jo zuenean, herrialdeko gordailu guztiak bermatzea erabaki zuen Reykjavikeko gobernuak. Atzerrian aritzen ziren Islandiako bankuak, ordea, ez zituen kontua hartu. Icesave bankuak eta beste hainbatek bezero asko zituzten herrialdetik kanpo, %5 eta %6arteko interesak eskaini zituelako. Porrot egin zuenean, Erresuma Batuko eta Herbehereetako gobernuek eurek bermatu zituzten haren gordailuak, eta gero faktura pasatu zioten Islandiari.

Iaz akordioa lortu zuten hiru herrialdeek. 4.000 milioi euro ordaintzea onartu zuen Islandiak, 2016 eta 2024 artean, %5,5eko interes tasarekin. Erreferenduma egin zuten, eta botoa emandako herritarren %90ek ezetz esan zuten. Zorra berriz negoziatu zuten, eta orain dela egun batzuk Islandiak ordaindu beharreko interesa %3,3ra jaistea erabaki zuten, eta itzultzeko epea 2046ra luzatzea. Islandiako Gobernuak esan du 4.000 milioi euro horien zati bat errekuperatuko duela eta txikiagoa izango dela azkenean itzuli beharreko kopurua. Alabaina, bigarren erreferendumean ere neurria ez dutela onartzen esan dute herritarrek. Botoen %60 izan dira iritzi horretakoak.

Negoziatzeko epea amaitu dela esan du Jan Kees de Jager Herbehereetako Ogasun ministroak. «Islandia behartuta dago pagatzera. Orain, epaileek erabakiko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.