Pentsioak

Erretiratzeko adina 67 urtetik gora luzatzea aztertzen ari da Espainia

Eztabaidarako prestatu duen txosten batean aipatzen dira pentsioa osorik jasotzeko urte gehiago kotizatzea eta pentsioak inflazioaren arabera ez igotzea. 

Iker Aranburu.
2013ko apirilaren 24a
17:32
Entzun

Erretiroaren adina 65 urtetik 67ra atzeratzeko prozesua hasi besterik ez denean egin, are beranduago erretiratzeko aukera proposatu du Espainiako Gobernuak. Jasangarritasun faktorea izeneko neurrien artean dago erretiratzeko adina atzeratzeko aukera. Pentsioa osorik jasotzeko kotizatu beharreko epea (gaur egun 35 urte) luzatzea ere dago mahai gainean, baita pentsioak ez berritzea KPIren arabera. 


Bilera mamitsua egingo du bihar Espainiako Gobernuak, hainbat gastu murrizketen eta zenbait erreformen berri emango baitu. Azken horien artean ez da izango pentsioena, Fatima Bañez Lan ministroak CCOO eta UGT sindikatuei ziurtatu dienez. Baina jada lanean ari da erreforma horretan, eta aurki etorriko da. Oraingoz bere proposamenaren berri eman die pentsio sistemaren etorkizuna jorratzen duen Kongresuko taldeari —Toledoko Itunari—, eta jasangarritasun faktore hori aztertzen ari diren adituei. Hilabeteko epea dute azken horiek jasangarritasun faktore hori definitzeko.


Espainiako Gobernuak dio erreformaren bidez bermatu nahi duela pentsioen sistema publikoa. Hainbat urtez superabita pilatu ondoren, azken urteotan galerak izan ditu Gizarte Segurantzak, eta joera horrek areagotzeko itxura duela dio Madrilek. Demografia kontuak aipatu ditu —jaiotze tasa behera doala, eta gora, berriz, erretiroa hartzen dutenen kopurua—, baina baita «sistemak sortzen dituen perbertsioak» zuzendu beharra ere. Horien artean leudeke, esaterako, batez besteko pentsioak soldatak edo prezioak baino gehiago hazi izana azken urteotan, langile batzuren kotizazioak ez iristea sortzen dituzten eskubideak betetzera, eta pentsiodun askoren kasuan, haien lan bizitzako soldata eta pentsioa oso antzekoak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.