CFDT, CGT, FO eta funtzio publikoko FGR sindikatuek deiturik, Baionako karriketara atera ziren atzo 300 bat erretretadun haien pentsioaren emendioa eskatzeko. Ikusirik bizi kostua emendatuz doala, erretretadunek eros ahalmenaren «etengabeko ahultzea» salatu dute. Adibidez, 2009. urterako pentsioak %0,75ez emendatu badira, inflazioa %0,9koa izan zen.
2010ean burutuko den pentsioaren bilakaera apirilaren 1ean jakingo da. Ikusirik, eskakizun hori urtero aldarrikatua dela eta «inoiz ez dela entzuna», esperantza gutxi daukatela ohartarazi dute manifestazio bukaerako hitz hartzean. Protestaldiasuprefetura aitzinean bukatu da eta sindikatuek osaturiko delegazioa barnera sartu da, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari haien mozioa helarazteko.
Orain arte pentsioen heina inflazioaren arabera kalkulatzen da. Sindikatuen iduriko, balorazio hori «ez da nahikoa», kalkuluan hainbat elementu ez direlako kontutan hartuak.
ELB sindikatuak ere mobilizazio egun horri sostengua adierazi dio agiri baten bidez.
Kalitatezko osasun arta
Ikusirik, osasun zerbitzu publikoaren baliatzaile nagusiak erretretadunak direla, arlo horretan buruturiko erreformetaz ere kezkaturik agertu dira sindikatuak. Hain zuzen, azken urte hauetan Gizarte Segurantzak geroz eta arta gutxiago ordaintzen dituela ohartarazi dute. Adibidez, aurten erietxerako zerbitzuaren kostua 16 eurotarik 18 eurotara pasa da eta orokorki sendagaien diru-itzultzeak ahulduz doazte. Erretretadunen pentsioaren heina kontutan hartuta, kostu horiei ezin dietela aurre egin erran dute. Neurri ezberdin horiekin, «Gizarte Segurantzaren oinarri den elkartasun printzipioa zalantzan ezarria» dela diote.
Bestalde, erietxeen kokapena zehazten duen erreformak hainbat ospitalen hestea dakarrela ziurtatu dute. Hori «sendatze eskubidearen aurka» doa.
Azkenik, autonomia galdua duten pertsonen zaintze sistemaren garapena aldarrikatu dute. Nahiz Sarkozyk babespen sozial horren sorrera hitzeman, «aldi oro pusatua» dela ohartarazi dute sindikatuek.
Erretretadunak manifestatu dira Baionan, erretreten emendioa eskatzeko
Gizarte Segurantzaren ordainketak gutxitu direla eta osasun kostuei aurre egitea zaila zaiela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu