Bilera horren atarian protesta egin zuen atzo eguerdian EHNEk Iruñeko Gazteluko plazan. Protestak ikusmin handia piztu zuen, izututa zirudien ardi multzoa baitzegoen plazako kiosko alboan. Gainera, EHNEko kideek Erronkari sor-markako gazta banatu zuten iruindarren artean. Kazetariei adierazpenak egin ondoren, Gazteluko plazatik Parlamentuaren aurrealdera joan ziren, politikariei kontra zeudela azaltzeko asmoz.
Batzorde arautzaileak sor-markaren arauak aldatzeko proposamena egin zuen 2007an, eta hasiera-hasieratik aurka agertu zen EHNE sindikatua. Iazko martxoan assafeta Lacaune ardi motetako ardien esnea biltzen hasteko behin-behineko baimena eman bazen ere, abenduan Europako Batzordeak batzorde arautzaileari eskatu zion neurri hori bertan behera uzteko, «artalde autoktonoen bideragarritasuna arriskuan jartzen duelako».
Kanpoko arraza motaksor-markan sartu nahi izateak soilik «industriaren eta artzain bakar batzuen interes ekonomikoei» erantzuten diela salatu du irmo Fermin Irigaraik. Ardi latxen esnea 27 zentimo euro garestiagoa da. Nafarroako EHNEko presidentearen arabera, kanpoko ardi arrazek ekoizpen intentsiboagoa egiteko modua ematen dute: «Pentsu eta kontzentratuen bidez elikatzen dira, eta ez dute zerikusirik latxak ingurumenaren alde egiten duen ekarpenarekin».
Irigaraik azaldu dio gizartearijatorri izena ez dela merkatu estrategia bat: «Produktu berezi bat babesten du. Atzean kultura bat dago, historia bat, gazta egiteko modu bat eta ingurumenarekin erlazio sakon bat», aipatu du Irigaraik.
Gaur batzordeak egingo duen bileran EHNEk espero du Europako Batzordearen erabakia oso kontuan hartzea. Era berean, batzordeari eskatu dio «argitasunez eta erantzukizunez» joka dezala. «Kanpoko ardi horien esnea biltzeko agindua zenbat eta lehenago kendu, hobeto. Garrantzitsua da lehenbailehen agindu hori etetea eta Brusela aintzat hartzea».