Azken urteotan Bilbon izan den epaiketa mediatikoenetako bat akusatu guztien errugabetzearekin amaitu da. Bizkaiko Auzitegi Nagusiak delitu guztietatik zuritu ditu Jose Ramon Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Zerga Inspekzioko zuzendariorde ohia eta haren aginduetara lan egiten zuten beste hiru lagun: Valvanera Canal, Joaquin Tebar eta Jose Luis Silvestre.
Ibarrak zortzi urteko zigorra eta 800.000 euroko isuna arriskatzen zituen, fiskalak uste baitzuen zergapeko batzuei trataera hobea ematen ziela diruaren truke. Akusazio horren giltzarria 209 lagun edo enpresaren izenekin eta informazioekin egindako zerrenda bat zen.
Zerrenda hori egon bazegoen, baina auzitegiak ez du haren bidez egindako delituen aztarnarik topatu. Epaiak frogatutzat jo duenez, zerrenda horretan agertzen ziren lagunen kontuak ikertu behar zituzten inspektoreek ez zuten inongo trabarik jaso, eta ohiko prozedurekiko alde bakarra zen Ibarraren galbahea pasatu behar zutela. Inspektoreburuak, ordea, azterketa guztiak baimentzen zituenez, «ezin da ondorioztatu kasu bakar batean Ibarrak inspekzioa eragotzi izana». Zerrenda horretan datu faltsu batzuk azaltzen ziren —esaterako, Ibarraren ikerketapean zeudela, inspektoreburuak halako lanik egiten ez duenean—, baina ondorio juridikorik gabekotzat jo ditu epaileak, ez zutelako ikerketarik eragotzi.
Ibarra eroskeriaz ere akusatuta zegoen, fiskalak uste baitzuen bere kontuetan azaldutako 337.000 euro eroskeriaren ondorio izan zitezkeela. Akusazio hori «orokorregia» dela esan du Bizkaiko Auzitegiak, ez baitu Ibarrak «oparirik eskatu edo jaso izanaren arrastorik» aurkitu. Epaiketan, Ibarrak ziurtatu zuen aitak hil aurretik dirua mailegatu ziola eta hori itzultzeko bi mailegu eskatu behar izan zituela. •
Pertsonaia. J. Ramon Ibarra
Errugabetzat jo du epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu