Lan gatazkak

Ertzaintza istiluak eragozteko sartu zen Aralucen, Jaurlaritzaren arabera

Tapia sailburuak azaldu duenez, «alternatibak» aztertzen ari da enpresaren jarduna mantentzeko

Ertzaintzako agenteak Araluceko atearen aurrean, iragan ostiralean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko azaroaren 15a
18:45
Entzun

Ertzaintzak Araluceko itxieran eta bertako trokelak ateratzeko saiakeran parte hartu bazuen, «istiluak eragozteko» izan zela azaldu du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuak. Bidalitako agente kopuruaren proportzionaltasuna ere defendatu du Eusko Legebiltzarrean eginiko agerpenean. Hori ez da izan kontrol saioan Igorreko trokelgintza enpresari buruzko aipamen bakarra —langileetako batzuk zuzenean ikusi zute—. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburuak esan duenez, Jaurlaritza «beste alternatiba batzuk» ikertzen ari da enpresak bere jardunarekin jarraitu dezan. Halere, ez da Aralucez bakarrik mintzo,  Cables y Alambres Erandioko enpresa ere hartu ditu hizpide. Hura ere egoera larrian dago.   

Edurne Garcia Elkarrekin Podemos legebiltzarkideari erantzunez hartu du hitza Beltran de Herediak. Euren arteko eztabaida kontrol saioko tentsio une handiena izan da. Pasa den asteko ostiraleko goizaldean, Batz kooperatibako, Araluceren jabea da, langile batzuk enpresan  sartu ziren trokeletako bat ateratzeko asmoz. Itxiera daraman kitatzailearen aginduz joan ziren,  eta Ertzaintzaren babesarekin. Apurka Araluceko langileak iristen joan ziren hustuketa eragozteko —kitatzaileak hainbat salatu ditu erasoengatik—, eta, lekukoen arabera, goizean 40 bat ertzain zeuden lantegian. Garciak, hainbeste agente bidali izanaren zergatia galdetu dio sailburuari, eta ea Ertzaintzak berdin jokatuko zukeen langileek deitu izan balituzte lantegiaren hustea eragozteko. Ertzaintzak «alde guztien segurtasuna» zaintzen duela erantzun du Beltran de Herediak, eta «orden publiko arazoak» eta «gatazkak» eragozteko behar adina agente joan zirela.

Tapia sailburuak, aldiz, Iker Casanova EH Bilduko parlamentariari erantzun dio. Hark, besteak beste, auzian «berandu» agertu izana egotzi dio Jaurlaritzari. Sailburuak, bere aldetik, enpresetako zuzendaritzen   «lana eta borondatea» goratu du, eta Jaurlaritza enpresen jarduna mantentzeko «alternatibak» aztertzen ari dela aurreratu. Halere, ez dela lan erraza izango onartu du, «merkatuaren araberakoa baita». Jaurlaritzak egoera txarrean dauden enpresei laguntzeko protokolo bat duela azaldu du, eta lan hori ez dela hedabideetan egin behar, «zuzendaritza batzorde eta langileekin baizik».             

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.