«Oso zaila», baina uste bainohobea izan zen 2013a makina-erremintako enpresentzat. %6,4 gehiago fakturatu zuten, eta inoiz baino gehiago esportatu. 2012an lortutako eskaera zorroak lagundu zioten horretan. Hustuz joandako zorro hori betetzerik ez zuten lortu, ordea, enpresek. Batez beste, %13 murriztu ziren eskaerak, eta aurtengo lehen hilabeteetan ere iazko kopuruetatik behera ibili dira, %20 behera. Horregatik, AFM makina-erremintako patronalak «oso zail» ikusten du 2013ko emaitzak errepikatzea. Fakturazioan %5 eta %10 arteko jaitsiera iragarri du.
«Itxi berri dugun ekitaldia nahiko positiboa izan da fakturazioari dagokionez, baina lan-zorroari kalte egin zaio, eta 2014rako genituen perspektibak ilundu egin dira», esan zuen atzo Jose Ignacio Torrecilla AFMko presidenteak —Espainiako elkartea da AFM, baina bazkide gehienak Hego Euskal Herrikoak dira—. 2013an, 1.412 milioi euroren salmentak egin zituen sektoreak. Horietatik 937 milioi euro dagozkio makina-erreminta hutsari (makinak), aurreko ekitaldian baino %10 gehiago. Gainontzekoak osagaiak, gehigarriak, zerbitzuak eta erremintak dira.
Esportazioei esker bizi da makina-erreminta, egindakoaren ia %85 saltzen du Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo. Iaz ere markak hautsi zituen, %8,3 igota, baina azkenaldian hainbat zailtasun ikusten ditu. BRIC herrialdeen egoerak sortzen dio kezka batik bat AFMri.
Txina eredu ekonomikoa eraldatzen ari da, eta industria inbertsioak geratu ditu. Indiaren kasuan, errupia diruak balioa galdu du, eta interes tasak igo dira; ondorioz, Europako produktuak eskuratzea zailago dute hango enpresek. Brasil ere «gogogabe» ikusten du Torrecillak, eta horri Errusiako egoera batu behar zaio. Lau herrialde horietan izan daitekeen galera konpentsatzeko, AEBetan eta Mexikon ahalegin berezia egin nahi du elkarteak, hazten ari diren bi merkatu baitira.
Europari dagokionez, suspertzen ari den itxura du, «modu apalean bada ere». Hala ere, ohartarazi du Alemania ez dela ari espero zen bultzakadarik ematen. Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan, berriz, joera aldaketa ikusten du. «Barne merkatuaren susperraldia, hasiberria izanik ere, egonkorra da». Iaz, %65 igo ziren eskaerak. «Abiapuntua oso baxua izan arren, aurreikuspen gehienek hobekuntza joera erakusten dute, eta horrek industria ekipamendurako inbertsioen hazkuntza ekarri beharko luke».
Renove plana lagungarri
Torrecillaren esanetan, hazkuntza horri lagunduko dio Makina-erremintaren Biurteko Azokak. Ekainaren 2tik 7ra izango da. «Momentu egokian dator». Jada ziurtatu dute espazioa %12 handituko dela. Lau pabiloi izango ditu, eta 1.176 erakustoki 60.000 metro koadrotan banatuta. Berrikuntza gisa, azokak bi azpisektorerentzat gune bereziak jarriko ditu: fabrikazio gehigarriko edo 3Dkoarentzat izango da bat eta material konposatuentzat bestea.
Eusko Jaurlaritzak makina-erremintan jarritako Renove plana ere txalotu du Torrecillak. «Gehiago saltzen laguntzeaz gain, gaitasun produktiboaeta industria guztiaren lehiakortasuna ere hobetzen ditu». Espainiako Gobernuari ere eskatudio halako programaren bat abiatzeko. «Orain da momentua, susperraldia lortzeko, enpresen berrekipamendua bultzatu behar da».
Gaur egingo du urteko batzar nagusia AFMk Donostian, Miramongo Teknologia Parkean. Torrecillak utzi egingo du presidente kargua —bi urtean izan da—, eta han iragarriko dute nor izango den ordezkoa.
Eskaera txikiek makina-erreminta motelduko dute
Iaz %13 murriztu ziren eskaerak; aurtengo lehen hilabeteetan ere ez dute lortu joera horri buelta ematerikAFMk Makina-erremintaren Biurteko Azokan du itxaropena; ekainean izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu