Fagor Etxetresnak

Eskoriatza eta Garagartzako plantak urri amaieran zabalduko ditu Catak

Bilera egin dute Catako zuzendariak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Berrikuntza diputatuak eta Arrasateko alkateak. Hilaren 8an sinatuko dute aktiboen adjudikazioa.

Francisco Martin Catako zuzendari nagusia. ARGAZKI PRESS
xabier martin
2014ko urriaren 2a
13:39
Entzun

Fagor Etxetresna berriak, Pedro Malagon epaileak Cataren esku utzi ondoren, hirurogei langile kontratatu ditu jadanik, eta hilabete amaieran ekingo dio jarduera industrial eta komertzialari Eskoriatzako eta Garagartzako lantegietan. Bergaran ez da eten jarduera hori azken hilabeteotan, Geyser Fagorren joint-venture bat zelako Vaillantekin batera. Planta horretako kooperatibista ohiak Cataren soldatapeko izango dira aurrerantzean.

Francisco Martin Catako zuzendariak baieztatu du urriaren 8an sinatuko dutela Fagor Etxetresnen aktiboak Catari emateko hitzarmena, eta, ordutik aurrera, jarduerarekin hasteko atzera kontua jarriko da martxan. Hil honetan bertan Eskoriatzako lantegian etxetresna txikien ekoizpena abiarazi nahi du Kataluniako konpainiak, eta Garagartzan, berriz, egosketa atala martxan jarri nahi du.

Zuzendaritza taldea, bestalde, ez dute oraindik osatu, baina ez dira gutxi dagoeneko zuzendaritza lan horretan dabiltzanak, hainbat eta hainbat Fagor Etxetresna kooperatiba zenaren zuzendaritzako kide. Zuzendaritza talde osoa hilabete honetan ixtea espero dute. Hirurogei langileez gain, behargin "kopuru handi bat" hasiko da lanean lantegiak martxan jartzerakoan, baina Martinek ez du zehaztu zenbat izango diren. 700 lanpostutik gora sortzeko konpromisoa betetzea da helburua, baina gutxika betetzen joango da, jarduera gehiago martxan jartzen diren heinean.

Ekoizpenari dagokionez, ez du argitu zer-nolako mailan ekingo dioten produkzioari. Hori "zuzenean" kontrolatzen ez dituzten beste hainbat faktoreren menpe dagoela azaldu du; hornitzaileei dagozkienak, esaterako.

Makineria, baldintza onetan

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, Jon Peli Uriguen Berrikuntza diputatuarekin, Pedro Iturbe Lurralde Garapen diputatuarekin, Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatearekin eta Igor Ezpeleta Debagoieneko Mankomunitateko presidentearekin izan da Martin Catako burua, Fagorren. Makineria "baldintza onetan" topatu du, eta ekoizpena berriz martxan jartzeko arazorik ez egotea espero du.

Gainera, ahaldun nagusiak mezu argia bidali dio Espainiako administrazioari Gizarte Segurantzak lau milioi euro berreskuratu nahian jarri duen adjudikazioaren aurkako helegitearen harira. Gizarte Segurantzak "erantzukizunez" jokatu behar duela esan du, "epe motzerako planteamenduak" alde batera utzita. "Kontuan eduki behar dute jarduera berriro martxan jartzeak onura ekarriko diola gizarteari eta, gainera, baliabide berriak emango dizkiola Gizarte Segurantzaren diruzaintzari".

Basauriko Edesako planta ere hizpide izan du Catako zuzendariak. Gogoratu du eraikina adjudikatu gabe dagoela oraindik, eta onartu du Cata "analisi fasean" dagoela, ekoizpena han mantenduko duen ala ez erabakitzeko. "Ikusi beharko da ekoizpen horren zein zati izan daitekeen bideragarria, eta non egin ere ikusiko dugu".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.