Maiatzaren Lehenean "Eskubide sozialen alde" lelopean egingo du manifestazioa ELAk Bilboko Kale Nagusian gora. 11:30etan hasiko da, Adolfo Muñozen hitzaldi batekin. Euskal Herriko sindikatu handienaen arabera, Maiatzaren Lehena "aukera egokia da euskal langile-klaseak zurrunbilo neoliberal eta zentralizatzaileari aurre egiteko daraman borroka saiatu eta militantea aitortzeko. ELAk harro ikusten du duen onena emateko prest dauden militanteak dituela bere lerroetan, are gehiago egoera latz honetan, non daukagun guztia hankaz gora bota nahi baitute".
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak aplikatu egingo direla orain bertan behera utzi dituen sindikatuak. "Hori gertatzen da Nafarroan; hor ikusten da agintzen dutenek zein eginkizun egozten dieten parlamentuei". Sindikatuak uste du udazkenean egitekoa den pentsio sistemaren erreforma "bankuentzako beste opari bat" izango dela, herritarrak pentsio plan pribatuak egitera bultzatu nahi dituelako. "iraunkortasun faktorearen bidez pentsioetan murrizketak automatikoak izaea nahi dute, eta sistema publikoa txikitu. Hipokrisia hutsa da “iraunkortasuna” aipatzea beren erabakiekin enplegua galarazten dutenean, soldatak jaitsi edo jornal miserableak inposatzen dituztenean, patronalari kotizazioak jaisten dizkiotenean eta pentsioak finantziatzeko kotizazioak soilik erabiltzea erabaki dutenean (zergak inoiz ez)".
Zerga-politika "bidegabea" atzera bota eta sakoneko erreforma egiteko eskatu du ELAk. Bere kalkuluen arabera, Europako Batasuneko batez besteko presio fiskala ezartzea nahikoa litzateke Hego Euskal Herrian zergatan 6.470 milioi euro gehiago biltzeko. Lan erreforma soldaten murrizketa ekartzen ari dela ere salatu du ELAk eta kexu da enpresaburuen elkarteek gehiago eskatzea. "Patronal aseezina da, eta itsu-itsu jokatzen ari da. Horregatik, ez diogu bake sozialik, ez lanbidearteko akordioetarako legitimaziorik emango". Egoera horretan, maiatzaren 30eko greba "ezinbestekoa" dela dio.
Deialdi bateratu batzuk
Greba horretara deitu duten sindikatuen aldetik gutxienez hiru deialdi daude. ELA eta LAB bakoitza bere aldetik joango dira. LABek manifestazioak egingo ditu hiriburuetan eta eskualdeetako herri nagusietan, "Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria" leloarekin.
ESK, CGT-LKN eta EILAS sindikatuek, berriz, batera ospatuko dute langilearen eguna. Bilboko Kale Nagusian bilduko dira, etzi, 11:30etan, "Lanaren banaketa, reparto de la riqueza" leloarekin. "Duitasunezko etorkizun baten alde munduan zehar borrokatuko duten gizon eta emakumeen ondoan" egongo dira, beren "harea-pikor txikia" ematen. Lanaren banaketa eskatuko dute, aberastasunaren banaketarako baldintza delakoan. Mobilizatzeko deia ere egingo dute: "Mobilizazioa dugu geure buruak defendatzeko era bakarra, eta krisitik ateratzeko langileon elkartasuna era bakarra da, lan produktibo eta erreproduktiboen banaketaren bidez, eta denon artean sortu dugun aberastasunaren bidez".
Euskadiko CCOO eta UGT-Euskadik ere batera ospatuko dute Maiatzaren Lehena. "Ez dute mugarik. Zure eskubideak defendatu" leloa hautatu dute aurten. Unai Sordo eta Damaso Casadoren ustez, aurtengoa ez da Maiatzaren Lehen "arrunt" bat. "Langileen interesentzat unerik erabakigarriena da Trantsiozitik", esan du Sordok, "lan eta gizarte eskubide guztiak auzitan daudelako". "Austerizidioaren" aurrean matxinatzeko eskatu die CCOOko buruak, gaur egungo politika ekonomikoek "langabezia eta pobrezia handiagoa" dakartelako. Lan erreformaren bidez soldatak %30 merkatu nahi dituztela ziurtatu du Sordok, eta babes sozialaren sistema eta bereziki pentsioak "hautsi" nahi dituztela.
Bilbon izango da LSB-USO ere, Tanto por lo que luchar leloarekin.
Baionan, berriz, Bizi! mugimenduak soldata handienei gehienezko muga bat jartzeko eskatuko du. Manifestazio "koloretsua eta aldarrikatzailea" agindu du, eta deitu die parte hartzaileei "lotsarik gabe" beren pankartak, banderak, txistuak eta musika tresnak eramateko. Haiek "gehiegikeria irudikatzen duen" herensuge bat eramango dute, "ultra aberatsen bidez planeta suntsitzen duen kapitalismoa". San Ezpirituko zubian elkartuko dira, 11:00etan, eta ondoren zintzur bustitzea egingo dute Tonneliers karrikako Patxokian.