Urko Apaolaza. Kazetaria

«Eskubideak dituztela entzutean ahaldundu dira AHTko langileak»

AHTaren Gipuzkoako obretan beharginen lan baldintzak azaldu ditu Apaolazak liburu batean. Besteak beste, 22 orduko lanegunak eta bost urtez oporrik gabe egon diren kasuak kontatu dizkiote langileek.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Durango
2017ko abenduaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ELA sindikatuko Gipuzkoako Eraikuntza arloko arduradun Igor San Joserekin, lurraldeko AHTaren obrak aztertu ditu Urko Apaolaza Argia-ko kazetariak (Hernani, Gipuzkoa, 1979). Zuloan: bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena liburuan, lan baldintzak gogorrak salatu dituzte, beharginen euren ahotan.

Zergatik hasi zenuen ikerketa?

Etorri zitzaizkigun Manu Robles-Arangiz fundaziokoak, proposamena eginez. Guk haiekin harremana bagenuen aurretik, konfiantza ere bai. Fundazioa ELArena da, eta sindikatuak AHTaren inguruan aurretik lan handia eginda zeukan. Hasieratik ibili dira obrak gertutik jarraitzen. Dokumentazio mordoa zuten, txukun bilduta, eta horri aterabidea eman nahi zioten. Proposamena egin ziguten dokumentazio horrekin zerbait argitaratzeko.

Zuk ELAk bildutako dokumentazio guzti hori aztertu zenuen.

Lehen eskuko dokumentazioa da: ikuskaritzaren aktak, ELAren beraren salaketak... Hasieran kosta zitzaidan. Oso teknikoa da. Horretaz aparte, esan genuen komeni zela eta behar zela nolabait AHTan lan egiten ari den jende horri ahotsa jartzea; alde humano hori ezagutaraztea. Nolabait hori izango zen liburu honen funtzioetako bat. Langileek haiek kontatu behar zuten zein zen bizi zuten egoera; zein baldintzatan dauden.

Agirietan zer aurkitu zenuen?

Salaketa larriak ikusten dira. Langileek zenbat ordu lan egiten duten ikusten da. Kasu bat bazegoen langileak 22 ordu egiten zituena egun bakar batean. Edo ez dakit zenbat urtetan opor egunik hartu gabe zeudela. Baina baita ere ikusten da administrazioaren aldetik agirietan dagoen erantzuna oso lausoa dela. Ikuskaritzarena ere bai. ELAk askotan salatu izan du beste aldera begiratzen dutela. Eta, agiri horietan, nik esango nuke, ikusten dela ez duela bere lana behar bezala egin, agian.

Obretara joan zinen sindikatuko ordezkariek lagunduta, dokumentuek erakusten zutena bertatik bertara ezagutzera. Zer aurkitu zenuen? Sorpresarik jaso zenuen?

Nik pentsatzen nuena baino egoera okerragoa izan zen. Gauza bat da zuk agiri hotz batean ikusten duzuna. Eta hori da jendeak prentsan ikusi duena. Gero obretara joaten zara, eta langileek kontatzen dizute zein egoeratan egiten duten lan, eta ikusi egiten duzu hala dela, agirietan irakurritakoa errealitatea dela. Oso gogorra da.

Erraz kontatu zizuten haien egoeraren berri?

Sorpresa hartu nuen. Uste nuen kostatuko zitzaiela nirekin hitz egitea. Baina hasiera batean lasai hitz egiten dute, eta gero etortzen da mesfidantza. Baina etortzen da, nik uste, enpresa konturatzen denean sindikatukoak etorri direla kazetari batekin. Eta, agian, kazetari horrek zerbait argitaratuko duela pentsatzen dute. Guk blog batean argitaratu genuen kasu bat, salaketa bat. Eta orduan sortzen dira beldurrak. Baina, aldi berean, langileek bilakaera bat izan dute. Guk aztertu ditugun kasuetan ahalduntzen joan dira. Langile gehienak atzerritarrak dira, eta askorentzat hori da oihaneko legearen parekoa. Azken batean, nagusiak esaten duena egin behar da, eta ez da zalantzan jartzen. Baina joaten da sindikatukoa, eta esaten die hitzarmen bat dagoela, eta enpresak han jasotakoa bete egin behar duela, baina ez duela betetzen. Eta hitzarmen horren arabera, bikoitza kobratu behar dutela, eta ezin dituztela hainbeste ordu estra egin. Halako gauzak entzuten dituzte, eta ahalduntzen dira. Ohartzen dira badituztela eskubide batzuk.

Publiko egin dituzuen salaketek ondoriorik izan dute?

Jarraipena egin die ELAk, eta denbora batez ikusi zen langileak jasotako ordaina hitzarmenak agindutakoa zela. Enpresak konpromisoa adierazi zuen hitzarmena betetzeko, eta hasieran ikusi zen hala egin zutela.

Zer erantzukizun du administrazioak honetan? Zer azaldu dizute ELAko ordezkariek?

Sindikatuak esaten du obra publikoa den heinean administrazioak baduela esku hartzerik. Aldi baterako enpresa taldeak daude, eta horiek azpikontratatzen dute, eta horientzat lanean beste hainbat azpikontrata daude. Azkenean erantzukizunak lausotzen dira. Sindikatuek egiten dute obretan sartu, egoera ikusi, baldintzak salatu, eta hori ikuskaritzaren lana da. Baina ez du behar bezala egin. Hori leporatzen dio ELAk ikuskaritzari.

AHTarena Euskal Herriko eraikuntza sektorean gertatzen denaren isla dela esango zenuke?

Azpiegitura sinboliko bat da. Arlo askotan eragiten du. Lan arloan ere bai. Egungo gizartearen ispilua da. Eraikuntza sektorea hondoratu egin da. Hemen bazeuden enpresa ertainak, garai batean lana zeukatenak, eta, orain, azpikontratazioa dela eta, ezin dute lehiatu beste enpresekin. Eta horrek langileengan ditu ondorioak.

Arazoa azpikontratazioa da?

Berez ez luke izan behar. Azpikontratazioa tresna ona izan daiteke, ondo erabiltzen bada. Gertatzen da gastuak gutxitzeko erabiltzen dela, eta horrek lan baldintzak hondoratzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.