Esloveniak ez du izan nahi Europaren erreskatea eskatu duen seigarren herrialdea, eta saiatuko da bere kabuz bankuak birkapitalizatzen.
Joan den astean, Alenka Bratusek lehen ministroak ziurtatu zuen 5.000 milioi euro badituela bere gobernuak bankuak salbatzeko. Horietatik 4.778 milioi beharko dituela erakutsi dute Europako Batzordeak eskatutako estres azterketek, gaur goizean jakinarazi dutenez.
Esloveniako banku zentralak ere azaldu du ez dela erreskaterik beharko. Azken hilabeteotan 3.600 milioi euroren erreserba osatu du Ljubljanako gobernuak, eta bankuen akziodunei 500 milioi euroren galera ezarri nahi die. Beste 1.500 milioi merkatuetan lortu zituen joan den azaroan, hiru urteko zor jaulkipena erosi baitzion inbertitzaile ezkutu bakar batek.
Krisiak gogor jo du Esloveniako ekonomia, bere BPGaren %11 galdu baitu 2008az geroztik. Bi atzeraldiek 7.900 milioi euroko mailegu txarrak eragin dizkiete bankuei. Banku zentralaren arabera, banku handien maileguen %18,3 ustelak dira, EBko %7,15eko batez bestekotik oso gora.
Bost erreskate orain arte
Grezia izan zen EBren erreskatea eskatu zuen lehen herrialdea, 2010eko maiatzean. 2012ko otsailean bigarren bat eman zioten, lehenengoak ez baitzuen lortu Greziako ekonomia onbideratzea. 200.000 milioi eurotik gora jaso ditu Greziak.
Irlandak 67.500 milioi eskatu zituen 2010eko azaroan, horietatik zati handi bat bere bankuak salbatzeko. Dublingo Gobernuak uste du dagoeneko gai dela bere burua merkatuetan finantzatzeko, eta erreskate programatik aterako da igande honetan bertan.
Portugalen hiru urteko erreskatea ere aurki da amaitzekoa, baina ikusteke dago Lisboak luzapen bat eskatzen ote duen, ala bere burua finantzatzen saiatuko den. 2011ko apirilan eskatu zuen erreskatea Jose Socrates orduko lehen ministroak, 78.000 milioi eurorena.
Laugarren erreskatea Espainiarena izan zen, baina berezitasun batekin: bere banku sistema saneatzeko zen dirua, ez beste edozertarako. 2012ko ekainean 100.000 milioi euro eskaini zioten euroguneko beste herrialdeek Mariano Rajoyren gobernuari, %7tik gorako interesak ordaindu behar zituela bere burua finantzatzeko. Azkenean 41.000 milioi hartu ditu Madrilek, eta diru hori nahikoa duenez, erreskatea ez luzatzeko baimena eman diote. Hilabete barru irtengo da programatik.
Zipre, berriz, aurtengo udaberriaren hasieran erreskatatu zuten. 10.000 milioi hartu ditu ESM erreskate funtsetik.