Esne sektorea galtzeko arriskuan dagoela esan du EHNE-Bizkaiak

Behiak dauzkaten baserritarrek gehiago gastatzen dute pentsutan, esnearekin irabazten dutena baino

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian esne behiak dauzkaten baserritarrak ataka zailean daude. Izan ere, esne litro baten truke jasotzen dutena baino gehiago gastatzen dute pentsutan. Zehatzago esatearren, baserritarrek 0,27 eta 0,33 euro artean jasotzen dute esne litro bakoitzaren truke, eta pentsu kiloa une honetan 0,35 euroan ordaintzen dute. «Duela 30 urtetik esne prezioa ez da mugitu, baserritarrek egindako lana ez da onartzen», dio Unzalu Salterainek, EHNE-Bizkaiko koordinatzaileak.

Hainbeste denboran esnearen prezioa bere hartan egon ondoren, baserritar askok sektore hori alboratu behar izan dute, sindikatuko kideak azaldu duenez. «Azken hamarkadan, behiak zeuzkaten baserritarren %60k kendu dituzte behiak, errentagarriak ez direlako». Horiek hala, Hego Euskal Herrian 1.158 baserritarrek dauzkate behiak une honetan.

Eta egoerak okerrera egin ez dezan lan baldintzak berehala aldatu behar direla esan du Salterainek; «bestela, sektorea desagertu egingo da». Horregatik baserritarrei gehiago ordaindu behar zaiela esan du, baina horrek ez luke eroslearengan zertan eragin. «Ekuazioa alderantziz egin behar da, prezioak ipintzen behetik gora hasi beharko litzateke, eta ez gaur egun egiten den bezala: banatzaile handiek euren irabaziak mantendu ahal izateko jartzen dituzte prezioak».

Eskaera hori kalera atera zuten atzo EHNE-Bizkaiko kideek, baserritarrekin batera. Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan sindikatuak esne sektorea aldatzeko dauzkan proposamenak aurkeztu zituen, eta handik Bizkaiko foru jauregiraino eraman zuten euren aldarrikapena.

Baina ez da hori izango mobilizazio bakarra, urriaren 27rako manifestazio nazional baterako deia egin baitu EHNE-Bizkaiak. Bilbon izango da, eta elikagaiak herritarren eskubide direla aldarrikatuko dute. Deialdi hori ardatz hartuta, udazken «beroa» izango dela ohartarazi du Salterainek.

Prezio behatokiaren eskaera

Baserritarren egoera larria dela azpimarratu du Salterainek. Horregatik, dei egin die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari: sektorearen egoera aztertuko eta eztabaidatuko lukeen foro bat sortzea. Ildo horretan, «beharrezkoa da prezioen behatoki bat martxan jartzea». Urteetan egindako aldarrikapena dela gogorarazi du Salterainek, «baina oraingoz ez dago horren berririk».

Esne litroaren prezioa pentsu kiloarena baino baxuago egoteko arrazoia espekulatzaileei egotzi die Salterainek. «Krisiaren ondorioz, kapitala garagar eta garian inbertitzen ari da. Prezioa, beraz, kanpoan ezartzen da». Eta horrek hemen eragiten du. Hori galarazi ahal izateko eskatu du EHNE-Bizkaiak prezioak erregularizatzeko behatokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.