Esne uholdearen esperoan

Kuota sistema desagertuta, nahi adina ekoizteko aukera dago gaurtik aurrera EBn.Prezioak amiltzeko beldur dira baserritarrak; diotenez, horrek jarduera uztera behar ditzake hainbat ekoizle

Esne uholdearen esperoan.
Miren Garate.
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Mundu osoko kontsumo gero eta handiagoa aski izango da ekoizpenaren igoera beretzeko, ala Europako merkatuan bertan geratuko da esnea eta, ondorioz, prezioak amildu egingo dira? Gaurtik aurrera guztiz aldatuko dira esne sektoreko joko arauak Europako Batasunean. Desagertu egin da azken 31 urteetan indarrean egon den kuota sistema. Herrialde bakoitzak jada ez du gehienezko ekoizpen mugarik, eta ganaduzaleak libre dira nahi adina produzitzeko. Lehendik ere larria den egoera are gehiago okertuko den beldur dira baserritarrak.

Gorriz markatua zuten gaurko eguna Europako hainbat ganaduzalek. Datozen bost urteetan ekoizpena %20 handitzeko prest da Bretainia, eta produkzioa bikoizteko asmoa ere iragarri dute beste herrialde batzuek. «Hemen ere izango dira handituko dutenak, baina marjin txikia ikusten dut. Sekulako produkzio kostuak ditugu, eta merkatuak ez badio balio erantsi bat ematen esne horri, ez du konpentsatzen ekoizpena igotzeagatik igotzeak», dio Gari Nazabal Gipuzkoako EHNEko presidenteak. Mikel Arteaga ENBAko esne sektoreko arduradunarentzat ere kuotak ez ziren oztopo lehen ere.«Kaiku kooperatiban gaude gehienok, eta azken urteotan ez gara iritsi gure mugara. Nahi izan bagenu gehiago produzitu ere, gutxienez kuotak alokatzeko modua izango genuen».

Batik bat Nafarroan daude buru kopurua gehitzeko proiektuak. Bada ustiategi bat 6.000 behi jezten hasi nahi duena. «Kezka bai badago, ea hemen norbaitek jartzen duen 10.000 buruko ganadutegi bat eta herrialde oso bat mantentzeko ekoizpena egiten duen, baina nik neuk arrisku hori ez dut ikusten», zehaztu du Arteagak.

Munduko merkatura so

Etxeko lehiak ez, kanpotik etor daitekeenak ematen du beldurra. Ea zer egingo duten ordeketako lursailetan pentsuarekiko hainbesteko menpekotasunik gabe merke ekoizteko gaitasun handiagoa duten herrialde horiek. Zehazki esanda, nora joango den haien produkzioaren igoera. Europako Batzordearen datuen arabera, urtero %2 handitzen da kontsumoa munduan. Gorabidean diren herrialde zenbaitek ez dute ekoizpen gaitasun handirik, eta biztanleriaren ugaritzeak eskaera handitzea dakar. Phil Hogan EBko Landa Garapenerako komisarioak gogoratu du kuoten sistema indarrean egonda ere %45 handitu direla esportazioak, eta baliotan, %95. Hori dela bidea uste du Bruselak: kanpora saltzea batik bat balio erantsiko produktuak —gazta, esaterako— edota elikagai funtzionalak egiteko erabiltzen diren osagaiak.

«Esaten dute Txinan-eta nahi dituztela haurrentzako kalitatezko esneak egin, baina Txinak ere, Errusiak bezala, egun batez ixten ahal ditu ateak, eta gero zer egiten da esne horrekin?», galdetu du Andde Dubois ELBko esne sektoreko arduradunak. Esportazioena ez da batere aukera erakargarria Euskal Herriarentzat. Pixka bat saltzen du kanpoan, baina ezer gutxi. «Iparlat hasi da; Frantziako supermerkatuetara-eta eramaten du zerbait, baina noizbehinkako kontu bat da», dio Alex Garmendia Kaiku kooperatibako koordinatzaileak —Iparlateko bazkide da Kaiku—. Txinara ere bidali izan du zerbait, baina gorabidean diren herrialdeetara saltzeko esne hautsa behar da, eta Kaikuk ez du halako plantarik. Lactiberren parte hartzea du kooperatibak, eta Espainiako enpresa horrek badu esne hautsa egiteko dorre bat, baina zaharra. «Aritu gara hizketan beste kooperatiba batzuekin, ea guztion artean planta bat prestatzen genuen, baina horretan geratu da kontua».

«Zerbait» egin behar dela aitortuta ere, Garmendiak badaki kanpora atera dezaketen esne kopurua txikia dela. EHNEko Nabazalentzat ere, esportazioak ez dira lehentasuna inondik inora: «Akatsa da esportazioetan pentsatzea. Elikadura subiranotasuna sustatu behar dugu, kalitatezko esnea egiten jarraitu eta bertan kontsumitu. Jana ezin da merkantzia moduan tratatu espekulatzaile batzuek irabaziak izan ditzaten». Ekoizten duena baino esne gehiago kontsumitzen du Euskal Herriak.

Esportatzeko gaitasunik ez, eta inportazioei aurre egiteko zailtasunekin, panorama beltz ikusten du sektoreak. «Arazoa da kanpotik etortzen den esnea jatorrizko herrialdean saltzen dena baino merkeago etortzen dela. Dumping moduko bat dago, norbere merkatuan sobratutakoa merkeago saltzen dute enpresek atzerrian, eta hala bederen galerak saihesten dituzte», azaldu du Garmendiak.

Bat datoz baserritarrak. «Esportatzaile horiek momentu jakin batean ezin badute esnea kolokatu, Europako merkatuari eraso egiten diote, eta esne horrek merkatua itotzen du, banaketa kateen esku jartzen ditu tresna guztiak, bezeroak erakartzeko erabiltzen baitute esnea», dio Arteagak. Baserritarrentzat erabat salagarria da banaketa enpresen praktika hori. Gaur egun, 55 zentimo inguruan eros daiteke marka zuriko esne litroa Hegoaldeko supermerkatuetan, eta ez du irabazietarako apenas marjinik uzten. «Laktosarik gabeko esnearen, kaltziodunaren eta halako esneen kontsumoa ari da pixkanaka igotzen. Horiek uzten dute marjin pixka bat kudeatzen».

EBk lehendik ere ezagutu du gehiegizko esne produkzioaren arazoa. Hain zuzen, kuoten sistema ere esne soberakinari aurre egiteko jarri zen indarrean 1984an. Jarri zenean grazia handirik ez zien egin baserritarrei, baina hiru hamarkadaren ondoren, ez dute balorazio erabat txarra egiten. «Merkatuaren arautzaile funtzioa egin du; lagundu du eskaera-eskaintza efektu hori orekatzen, nahiz eta akaso ez zaien beharrezko zorroztasunik aplikatu kuotak gainditu dituzten herrialdeei», dio Nazabalek.

EHNE ez dago ados Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) azken urteetan hartutako joerarekin, mendialdeko nekazaritza egiten duten eremuei kalte egiten dielako. «Ez dakit kuotek existitu behar luketen edo ez, baina NPBa merkatua arautzeko sistema guztiak kentzen ari da, nahiz eta arautzaile izate hori egon haren oinarrian. Hori Euskal Herriko baserritarrentzat ez da batere ona». Duboisek erantsi du kuota sistemak bederen behi-esne ekoizle batzuk atxiki dituela Euskal Herrian. «Ez ginen beti kontent gure kostuak goiti ari baitziren azken urteetan, baina sistema horrek neurtu du kantitatea eta atxikitzen zituen prezioak».

Urtebeteko kontratuak

Kuoten desagertzeak ekar ditzakeen ondorioen zain, gaur egun ere gauzak «estu» daudela diote nekazariek. Nahiko txukun joan ziren 2013ko azken erdia, eta 2014a. Pentsuaren merkatzea eta gasolioarena lagun izan zuten, baina urte bukaeran hiruzpalau zentimo merkatu ziren prezioak. «Gehiago estutuz gero, komeriak izango ditugu. Uda partea nahiko zelebrea eta gogorra dago aurreikusita esne ekoizleontzat», dio Arteagak. Sektoreak oso posibletzat jotzen du baserritar gehiagok esnetarako behiak kentzea: duela hamar urte 3.000 ekoizle zeuden, eta gaur egun 1.600 baserrik baizik ez dute esnerik saltzen.

Zalantza egoera hori ikusirik, kontratuak dira sektorearen itxaropena. Industriak gutxienez urtebeteko iraupena duten itunak sinatu beharko ditu ekoizleekin, bestela zigorra jasoko dute. «Aurrerapausoa izan daitezke kontratuak, baina mirarik ez dute egingo. Hemen kooperatibetan gaude antolatuta, eta, hala eta guztiz ere, oso zaila da prezio duinak bermatzea dagoen lehia beldurgarri horrengatik», adierazi du Nazabalek. Kontratuen gaineko ikuspegi ezkorragoa du Duboisek: «Esnetegi handien mesederako daude eginda, eta laboraria preso egiten dute, bortxatzen dutelako esnetegi horri saltzera».

ELBko ordezkariarentzat ez da beranduegi «datorren katastrofeari» aurre egiteko. Hainbat proposamen egin ditu sindikatuak, Confederation Payssanekin batera. «Guk esaten dugu behar dela gutxieneko prezio bat finkatu, ekoizpen kostuak-eta kontuan hartuta, eta esnetegiak zigortu prezio horretatik behera joanez gero». Frantziako Gober- nuak ez du proposamena aintzat hartu oraingoz. Horrez gain, sor-marka bat sortzea ere egokia litzateke, Duboisentzat. «Bideak jorratu behar ditugu hurbileko kontsumitzaileei saltzeko, hemen eginez esnekiak, azalduz nola lan egiten dugun eta ingurumena zainduz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.