Espainia atzeraldian eta bost milioi langaberekin izango da urte hasieran

Azken hiruhilekorako %0,3ko «hazkunde negatiboa» aurreikusi du De Guindosek, eta martxorako, atzeraldi teknikoaEkonomiaren uzkurtzeak lanpostu galera handituko du urteko lehen hilabeteetan

2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Urte berriak ez dakar berri onik. Espainiarentzat. «Ez dadila inor engaina: hurrengo bi hiruhilekoak oso zailak izango dira», esan zuen atzo Luis de Guindos Ekonomia ministroak. Espero zena gertatuko baita: Espainia atzeraldian sartuko da. Ekonomiaren uzkurtzea hasi dela ziurtatu zuen De Guindosek, aurtengo azken hiruhilekoko datuek «hazkunde negatiboa» erakutsiko dutela, eta 2012ko aurreneko hiruhilekoan joera bera izango dela. Espainia atzeraldian sartuko da horrela, uzkurraldiak gutxienez bi hiruhileko iraun behar baitu atzeralditzat jotzeko.

Ekonomiaren uzkurtze horrek are gehiago okertuko du lan merkatuko egoera, enplegu sorrera atzeratu ez ezik, galera handituko duelako. De Guindosen esanetan, urtearen hasieran bost milioi lagun baino gehiago egongo dira lanik gabe Espainian, eta atzeraldiak zenbat eta gehiago iraun, are handiagoa izango da lanik gabe dauden herritarren zenbatekoa. Baina, gaur-gaurkoz, inork ezin du atzeraldia noiz bukatuko den aurreikusi. 2012ko martxotik aurrera berak ere zer gertatuko den ez dakiela adierazi zuen De Guindosek, egungo testuinguru gorabeheratsuansei hilabetetik haragoko aurreikuspenak egiteak ez daukalako zentzurik.

Egoeraren larritasuna ezkutatzeko tentaziorik gabe mintzatu zen Ekonomia ministroa, berak zuzentzen duen saileko hainbat arduradunek kargua hatzeko egindako ekitaldiaren ostean. Baina ondorioen beldur edo, ondo neurtu zituen erabilitako hitzak, eta atzeraldia aipatu gabe azaldu zuen Espainia atzeraldian sartuko dela. Nonbait, erosoagoa egiten zaio «hazkunde negatiboaz» hitz egitea, atzeraldiaz aritzea baino. Hala, aurtengo azken hiruhilekorako %0,2ko edo %0,3ko «hazkunde negatiboa» aurreikusi zuen. Datorren urteko aurreneko hiruhilekoari buruzko zifrarik ez zuen eman.

Hitzaldia mezu baikorrago batekin bukatzeko ahaleginean, atzeraldiak datozen erreformen «akuilu» izan behar duela adierazi zuen, atzeraldiak berak agerian jartzen duela erreformen beharra. De Guindosentzat zerga sistemaren erreformak du garrantziarik handiena eta lehentasuna, «hil edo bizikoa» dela deritzo, enpresetara eta herritarrengana kreditua iristea zulotik irteten hasteko funtsezko baldintza izango delako. Ondasun eta zerbitzuen merkatuaren erreforma da Ekonomia Ministerioakatondu beharko duenetako beste bat, esparru horretako oztopo burokratikoak arintzeko helburuarekin. Zientzia eta teknologiako eskumenak lortzea ere erronken zerrendaren goialdean jarri du De Guindosek, arlo horietako eskumenak behar-beharrezkoak direlako ekonomia eredu iraunkorrago bat egituratzeko. «Lehiatzeko gaitasun handiagoa emango digun hazkunde eredu iraunkor bateranzko urratsak egitea izango da krisitik irteten hasteko giltzetako bat».

Lan merkatuaren erreforman ere parte hartuko du De Guindosen ministerioak. Patronalari eta sindikatuei, egin beharreko aldaketarik garrantzitsuenetan ados jartzeko, urtarrilaren 7ra arte eman zien Raxoik. Eta, itxura denez, ondo doazkie negozioazioak. Arturo Fernandez CEOEko presidenteorde lehenaren arabera, «bat gatoz puntu nagusi batzuetan, negoziazio kolektiboan eta kontratazioan, eta akordioa lortzekotan gaude». Kontratu bakarraren eredua ezarri nahi dupatronalak, hogei eguneko kalte-ordainarekin. «Kaleratzeak merkatu ezean ez dugu langilerik kontratatuko», adierazi zuen atzo Fernandezek.

Murrizketak, ostiralean

Bien bitartean, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburu berria eta haren ministro taldea beren lehen lege dekretua izango dena prestatzen ari dira; urtebetean 16.500 milioi euro aurrezteko murrizketa neurriak erabakitzen, hain zuzen. Aurtengo aurrekontuak 2012ko martxoaren 31ra arte luzatu nahi Raxoik, tarte horretan datorren urterako Aurrekontu Legea prestatu eta onartzeko. Datorren urterako defizit publikoari jarritako helburua — BPGaren %4— beteko badu, ordea, aurreneko hiru hilabeteetan ere gastua gutxitzeko neurriak ezinbestean hartu beharko ditu Raxoik. Hortaz, ostiralean aurkeztuko duen poiektuak aurtengo Aurrekontu Legearen luzapena eta martxora bitarteko murrizketa neurriak jasoko ditu.

Itxura guztien arabera, sektore publikoan ordezkapen bat bera ere ez egitea, lan eskaintza publikoa betetzeko oposiziorik ez antolatzea eta funtzionarioen soldatak izoztea izango dira neurri horietako hiru. Iaz, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak %5 jaitsi zituen funtzionarioen soldatak, eta ordutik izoztuta dauzkate. Raxoik oraindik ez du argitu haiekin zer egingo duen, baina ziurtatu du handituko duen diru sail bakarra pentsio ordainetarakoa dela. Beraz, onenean soldatak beste urtebeterako izoztea espero dezakete funtzionarioek; txarrenean, are gehiago jaistea.

Erretiratu eta pentsiodunentzat, ostera, aspaldiko berririk onena jasoko du Raxoiren aurreneko lege dekretuak. Izan ere, urtebeteko izoztearen ostean, 2012an erretiro pentsioak kontsumo prezioen indizearen arabera eguneratuko dituela agindu du Raxoik. KPItik gorako igoerarik izango duten ala ez ostiralean jakingo da.

Gainontzeko murrizketak aurtengo emaitza ekonomikoen arabera erabakiko ditu Raxoik. Izan ere, oraindik ikusteko dago Zapateroren gobernuak defizita BPGaren %6ra mugatzeko jarritako helburua bete duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.