Langabezia saririk ez duten eta zama handia duten langabeei, 50 euro gehiago emango dizkie Espainiako Gobernuak; alegia, bikotekidea eta bi senide bere gain dituzten langabeek, 450 euroko diru laguntza jasoko dute —400 euroko laguntzaren ordez—. Hala jakinarazi du PPren Gobernuak ohar bidez. Fatima Bañezen esanetan, "Gobernuak argi utzi nahi du zein garrantzitsua den benetan beharrean daudenak krisiaren aurrean babesik gabe ez uztea".
Datorren ostiraleko Ministro Kontseiluan hainbat erreforma onartuko dituzte Prepara planean eta neurri horiek aztertzeko asmoz bildu da gaur Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, Fatima Bañez Lan eta Gizarte Segurantzako ministroarekin, Cristobal Montoro Ogasun ministroarekin eta Alvaro Nadal Espainiako Presidentearen Ekonomia Bulegoko zuzendariarekin.
Langabezia saririk ez dutenek jasotzen duten 400 euroko laguntza luzatu egingo duela jakinarazi zuen berriki Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak. Hori bai, iragarri du Prepara plan hori "hobetu" egingo dutela, nahiz eta ez duen ezer zehaztu: aldaketak zeintzuk izango diren, zein baldintza ezarriko dituzten, eta zenbateko iraupena izango duen.
Langabeak lan munduan sartzeko helburua duen programa da Prepara plana. Horretarako, izena ematen dutenek formakuntza eta ikastaroak jasotzen dituzte, eta horren truke 400 euro jasotzen dituzte sei hilabetean. 2011ko otsailean jarri zuten indarrean, nahiz eta 2009ko abuztutik Prepara onartu bitartean langabeentzat 426 euroko antzeko laguntza bat egon zen indarrean. Hego Euskal Herrian 13.100 langabek jasotzen dute laguntza: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 8.700ek, eta Nafarroan, 4.400ek.