Aurrekontu Legearen bi artikulu jarri ditu jopuntuan PPren gobernuak. Hain zuzen ere, langile publikoen ordainsariei ezarritako igoera arautzen duten 19.a eta 20.a. Aurten funtzionarioei soldata %1,5 igoko zitzaiela finkatu zen, eta, horrekin batera, Itzarri BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde publikora soldataren %1aren pareko ekarpena egitea ezarri zen.
Espainiako Gobernuak oharra igorri dio Jaurlaritzari, neurri horien aurka jotzeko asmoa duela aurreratuta. Madrilen argudioa da EAEko aurrekontuak onartu zirenean oraindik ez zegoela 2018. urteko aurrekontu esparrua ezarrita Espainian. Hau da, 2017an indarrean zegoen esparrua ez dela aldatu, eta, hori dela eta, ezin zirela aurten ordainak igo. Espainiako ekonomiaren planifikazio orokorra eta finantza egonkortasuna arautzeko eskumena berea dela ohartarazi du, horren haritik.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak "protesta irmoa" iragarri du, eta ziurtatu du Euskal Herrian halako helegite bat ez duela "inork ere ulertuko". 2018. urteko aurrekontua EAJren, PSE-EEren eta PPren botoei esker atera zen aurrera. "Gehiegikeria" egotzi dio Erkorekak Espainiako Gobernuari, eta Gernikako Estatutuaren edukia ez errespetatzea.
Harritu samar dago Jaurlaritza. Izan ere, BOE Espainiako Aldizkari Ofizialak atzo bertan argitaratu zuen PPren gobernuak estatuko funtzionarioekin hitzartutako itun berria. Horretan aurreikusita dago datozen hiru urteotan soldatak gutxienez %1,5 igoko direla, eta %2,25 arte igo litezke, hazkunde datuen arabera. Halaber, 35 orduko lanastea berreskuratzeko aukera egongo da, egonkortasun arauak betetzen dituzten administrazioetan.
Komunikazio ofiziala jasota, orain sei hilabete dituzte Urkulluren gobernuak eta Madrilek helegiteari buruz eztabaidatzeko eta ados jartzeko. Epe hori gaindituta, Konstituzionalaren eskuetan geratuko litzateke erabakia.
Jaurlaritzak ez du oraingoz aldaketarik egiteko asmorik, eta jarraituko du funtzionarioei Itzarriko ekarpena ordaintzen.