Espainiak Bankian esku hartzearen bezperan eman du dimisioa Rodrigo Ratok

Bankiaren egoerak behartuta, Espainiako Gobernuak diru publikoa erabiliko du bankuen etxegintzaren galerak estaltzekoGoirigolzarri bizkaitarrak ordezkatuko du Rato Caja Madriden eta Bancajaren bankuan

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Rodrigo Ratoren dimisioak abian jarri du Espainiako finantza sistemaren berregituraketaren hurrengo atala. Azken bi urte eta erdietan BFAko eta Bankiako presidente izandakoak kargua uztea erabaki zuen atzo, Espainiako Gobernuak erakunde horretan esku hartu baino egun batzuk lehenago. Bankiaren egoerak akuilatuta, Mariano Raxoi presidenteak atzo onartu zuen ostiral honetan onartuko duela bankuak «bizkor» osoki kapitalizatzeko dekretu bat. Diru publikoa jarriko duela iradoki du, nahiz eta esan duen formula hori ez duela gustukoa. Helburua da behingoz azaleratzea bankuen azaleko sendotasuna zalantzan jartzen duten aktibo toxikoak, etxegintzari lotutakoak, eta horiek estaltzea.

Gela barruan inork ikusi nahi ez zuen elefantea izan da luzaroan BFA-Bankia. Caja Madridek eta Valentziako Bancajak sortu zuten 2010eko abenduan, beste bost aurrezki kutxa txikirekin batera. Sistemako erakunde handienetako bat izan da hasieratik —40 bulego inguru ditu Euskal Herrian—, baina baita etxegintzaren zama handienetakoa zuena ere, Bancajarenak batez ere. Azken datuen arabera, etxe sustapenetara edo hipoteka maileguetarako jarritako 30.000 milioi euroetatik ia heren bat bueltan jasotzea zalantzazkoa da.

PPren gotorlekuetako kutxen batasuna izanda, Bankiaren proiektua estuki lotuta egon da alderdi horri. Erabaki politikoa izan zen haren buru Rato jartzea ere. Ekonomia ministro (1996-2004) eta Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari (2004-2007) izandakoaren lana zen Bankiari izen ona eta sendotasun itxura ematea, eta alderdi barruko borrokak eragoztea. Ez du lortu, neurri batean NDFk berak ez dielako sinesgarritasun handirik eman Bankiaren kontuei. Izena zuzenean aipatu gabe, iragan astean NDFk eskatu zuen «neurri azkarrak eta erabakigarriak» hartzeko etxegintzaren galerak estaltzeko.

Gomendioa bere egin du Espainiako Gobernuak, eta Ratorekinlotura zuzena izan arren —Luis de Guindos Ratoren eskutik sartu zen Ekonomia Ministerioan—, Bankia bere kontuak garbitzera behartuko du. Ez da, ordea, Caja Castilla la Mancharen edo Caja Mediterraneoren moduko esku hartze klasikoa izango, Espainiako Bankuak ez duelako haren buruzagitza ordezkatzeko edo bankua berak kudeatzeko asmorik. Ezusterik ezean, Estatuak, FROB funtsaren bitartez, hainbat mila milioi euroko mailegua emango dio, diru horrekin aktibo arriskutsuak estaltzeko. 7.000 milioi izango direla aipatu dute, eta akzio bihur daitezkeen bonuen bidez helduko direla Bankiara. Hau da, baldintza zehatz batzuk betez gero, hasieran bonuak direnakakzio bilaka daitezkeela.

Goirigolzarri, ordezkoa

Azken unera arte Bankiaren independentziari eusten saiatu da Rato. Joan den ostiralean bertan zioen bankua gai zela bere kasa jarraitzeko. Atzo, bere dimisioaren berri emateko gutunean, lana eginda doala ziurtatu du Ratok. «Merkatuan baldintza txarrak izan arren […] Bankiak 309 milioi euro irabazi zituen 2011n, nahiz eta zuzkiduretarako 1.200 milioi aurreratu dituen; Bankiak 800 bulego itxi ditu, eta Espainiako finantza sektorearen %25 adinakodoikuntza egin du langile taldean». «Lorpen» horien ondoren, beste kudeatzaile bati lekua uztea erabaki duela dio Ratok, «erakundearentzat gomendagarriena delako».

Ordezko hori Jose Ignacio Goirigolzarri (Bilbo, 1954) izatea proposatu du Ratok. Soslai politikoa alde batera utzita, soslai teknikoa izango du Bankiako hurrengo buruak. BBVAko kontseilari ordezkari izan zen Goirigolzarri (2001-2009), baina kargua utzi zuen, ohartu zenean Francisco Gonzalez bankuko presidenteak ez ziola lekurik egingo BBVAren lehendakaritzan. Ez zen esku-hutsik joan, 60 milioi euroko erretiro pentsioa jaso baitzuen. Gonzalezek ere lotura zuzenak ditu PPrekin, haren eskutik heldu baitzen Argentariako buruzagitzara, azken hori BBVrekin bat egin aurretik.

Iazko uztailean burtsaratu zenetik, balioaren %36 galdu du Bankiak. Atzo, %3 utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.