Espainiako Gobernuak azaldu du behar den diru guztia bideratuko duela Bankiara, entitatea onbideratzeko asmoz, "ondoren ahal den azkarren saltzeko". Bankia duela bi aste nazionalizatzea erabaki zuen Espainiak.
Luis de Guindos Ekonomia ministroak Kongresuan esan du bankuko talde kudeatzaileak administrazio kontseilua berritu eta hor "langile independenteak" sartu beharko dituela.
Bankiak jakinarazi du beste 7.000 milioi euro pasa beharko dituela egitasmoa bideragarri egiteko. Entitateak hilabete barrurako bideragarritasun plan bat aurkeztu beharko du.
Aurreikuspena betetzen bada, 12.000 milioi euroko laguntza publikoa eskuratuko du Bankiak. CajaMadrid, Bancaja eta beste bost aurrezki kutxa txikiren arteko bateratzeari laguntzeko 4.465 milioi jarri ziren hasieran, FROB funtsaren bidez. Diru hori kapital bihurtuta, BFAko eta Bankiako akziodun nagusia bihurtu zen estatua.