Hondoa jota dauden bankuak erreskatatzeko diru laguntza eskatuko dio Espainiak Europako Batasunari datozen egunetan. Espainiako Ekonomia Ministerioak baieztatu du eskaera formala Bruselari bidaltzea besterik ez dela geratzen erreskatea jasotzeko, eta hori «lehenbailehen» egiteko asmoa erakutsi du. Era horretan, finantza sistema onbideratzeko premiazko laguntzaren lehen zatia —30.000 milioi euro— edozein momentutan jaso dezake.
Europako Batasuna ere eskaera ofizial horren zain dago. Europako Batzordeko bozeramaile Olivier Baillyk adierazi du behin «arrazoitutako eta zehaztutako» eskaera jasotzen dutenean emango diotela laguntza Espainiari. Momentuz, ordea, adierazi du ez dutela jaso era horretako eskaerarik.
Espainiak argi berdea jasotzeko, behin betiko eskaera bidali behar du Espainiako Bankuak. Ondoren, eskaera horri oniritzia eman behar diote Europako Batzordeak, euroguneko lan taldeak —euroa dute herrialdeetako Finantza ministrordeek osatzen dute talde hori— etaEuropako Banku Zentralak. Oniritzia eman ostean, Baillykez du zehaztu Europako Batzordeak zenbat denbora beharko lukeen prozesua abian jartzeko, baina dio «gehienez ere bi aste» beharko lituzketela.
Era berean, dio egun prozedura arazorik ez dagoela, eta dagoen «oztopo» bakarra dela Espainiaren eskaera ofizialik ez dutela jaso. Alabaina, adierazi du «prozesu korapilatsua» dela aktore askok parte hartzen dutelako. Bruselak azaldu duenez, abuztua ez da Europako Batasuneko erakundeentzat hilabeterik «dinamikoena».
«Erritmo onean»
Erreskatea jasotzeko negoziazioak «erritmo onean» doazela jakinarazi du Ekonomia Ministerioak: «Azken egunetan Bruselarekin negoziatzen ibili gara, eta negoziazioak oso aurreratuta daude».
Erreskate horretatik 19.000 milioi euro jasoko ditu Bankiak, kopuru horretako zuloa baitu. Diru hori edozein momentutan jaso dezakeela eta, Ibex 35eko Bankiaren akzioen prezioak gora egin zuen atzoko lan saioan: hain justu, %24,44 igo zen akzioen kotizazioa, eta 1,268 eurotan salerosi zuten akzioa. Bankiaz gain, CatalunyaCaixak, Novagalicia Bancok eta Banco de Valenciak jasoko dute dituzten zuloak estaltzeko dirua.
Azterketa, urrirako prest
Brusela jada ari da Espainiako finantza sistemaren azterketa egiten. Nolanahi ere, urrirako azterketa horren emaitzak izan beharko ditu mahai gainean, erreskatea jasotzeko sinatutako memorandumak hori zehazten baitu. Eta hori berretsi du Baillyk.
Hori gauzatu bitartean, haren esanetan, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsaren (FEEF) bitartez bideratuko dituzte finantza sistemarentzat aurreikusitako 100.000 milioi euroetatik behar handiena duten bankuentzako 30.000 milioi euroak.
Europaren eta Espainiaren artean sinatutako akordioak dio, gainera, aurretiazko laguntza hori eskatuz gero Espainiak hartu beharko dituela bere gain eragiketa horren finantza gastu guztiak.
Espainiak datozen egunetan eskatuko du bankuak erreskatatzeko dirua
Ekonomia Ministerioak dio «lehenbailehen» bidaliko dutela Bruselara laguntza jasotzeko eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu