EKONOMIA

Espainiak eta Frantziak ez dituzte bete defizit mugak

Bankuei emandako erreskatearen ondorioz, Espainiak bikoiztu egin du aurtengo zuen defizit helburua —%10,2koa izan da—. Olli Rehn Ekonomia komisarioak iradoki du denbora gehiago emango diotela Madrili bere kontuak orekatzeko.  

Iker Aranburu.
2013ko otsailaren 22a
18:06
Entzun

Europako Batzordeak bere neguko aurreikuspenak aurkeztu ditu, Bruselan. Panorama beltza marraztu dute Europako Batasuneko ekonomiarentzat eta bereziki euroa darabilten herrialdeentzat, horietan barne produktu gordina %0,3 txikituko baita aurten. Azaroan %0,1eko hazkundea iragarri zuen Bruselak, baina orduz gero egoera ekonomikoak okerrera egin du, euroaren periferiako herrialdeen krisi sakonak besteak ere atzeraldira bultzatu dituelako —esportazio txikiagoen erruz—.

Atzeraldia are sakonagoa izango da Espainian, 2012ko -%1,4 aurten ere errepikatuko dela uste baitu Bruselak. Langabezia %26,9ra da iristekoa —batez beste %25 iaz—, eta hamarren gutxi batzuk baizik ez litzateke jaitsiko 2014an, %26,6ra arte. Datuak "onartezinak" direla ziurtatu du Rehnek, nahiz eta hark bultzatzen duen austeritate politika gogorraren ondorio ere badiren. Edonola ere, badirudi Brusela prest dagoela aurten behintzat murrizketen sokari gehiago ez estutzeko; berriro ere Rehnek iradoki du Madrilgo agintariei denbora gehiago emango diela defizit helburuak betetzeko. Maiatzean egin beharko luke proposamen ofiziala, Eurostatek behin-behineko datuak baieztatu eta egiturazko defizita —atzeraldiaren ondorio nabarmenenak kontuan hartzen ez dituena— maila bateraino jaitsi dela egiaztatzen duenean. Berez, 2014rako heldu behar zuen Espainiak %3ko defizitera, baina neurri gehiago hartu ezean %7,2ra igoko dela iragarri du. Litekeena da datorren urteko aurrekontuari begira pentsioak eta langabezia sariak gehiago txikitzea eta zergak gehiago igotzea eskatzea Bruselak Madrili. 

Frantziarentzat ere ez dakar berri onik Europako Batzordeak. Aurten defizita %3ra jaitsiko zuela agindu zuen Nicolas Sarkozyk, eta berdin egin du, oraintsu arte, François Hollandek. Baina Bruselak ez du uste hala izango denik. Gastua gutxitzeko neurri gehiago hartu ezean defizita %3,7ra iritsiko dela uste du Rehnek, eta %3,9ra igo daitekeela 2014an. Langabezia %10,7tik %11ra igotzea ere espero du, eta zor publikoa %93,4ra iritsiko dela aurten. 

Hona hemen 2013rako hazkunde eta langabezia aurreikuspenak. Nabarmena da Europa hegoaldeko herrialdeek izango dutela hazkunde txikiena eta langabezia tasa handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.