Europako Batasuna

Espainiak eta Irlandak erreskateak utziko dituzte

Europako Batasunak ez ditu diru gehiago eskatzera behartuko. Espainiak 41.300  milioi jaso ditu bankuentzat, eta Irlandak, berriz, 67.500 milioi bankuentzat  eta beste gastuentzat.

Iker Aranburu.
2013ko azaroaren 14a
19:55
Entzun

Eurotaldeak bere oniritzia eman die Espainiaren eta Irlandaren erreskatea uzteko eskaerei. Batek zein besteak "irteera garbiak" egingo dituzte. Hau da, ez dituzte diru gehiago hartzera behartuko. Bi irteerek erreskate politikaren eta austeritatearen arrakasta erakusten dutela nabarmendu du Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak. "Egun handia da", gehitu du, baina onartu du "egun mingarriak" ez direla bukatu. Behin erreskatetik ateratzen direnean gainbegiratze berezia jasoko dute bi estatuetako kontuek, urtean bi aldiz.

Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak zorionak eman dizkie bi estatuetako gobernuei eta herritarrei. "Espainiarrek eta irlandarrek oso garai zailak bizi izan dituzte, baina ahalegin horiek emaitzak eman dituztela espero dugu". 

Espainiari dagokionez, erreskateari esker bankuak "indartsuago" daudela nabarmendu du. Europako Batasunak 100.000 milioi euro utzi zituen Espainiako Gobernuaren esku bankuen berregituraketa abian jartzeko. Diru horretatik 41.270 milioi erabili dituela ditu. 2.192 milioi joan dira etxegintzaren gehiegikeriak garbitu nahi dituen Sareb banku txarrera. Gainontzekoak bederatzi bankuren artean banatu dituzte eta, batez ere, hiru banku nazionalizatuek: 17.959 milioi izan dira Bankiarentzat, 9.084 milioi Catalunya Bancentzat eta 5.425 milioi NCGrentzat. Beste 4.500 milioi jaso zituen Caixak, Banco de Valencia arrisku gutxirekin eros zezan.

Madrilek 2012ko ekainean jaso zuen erreskatea, eta datorren urtarrilean utziko du ofizialki. Abenduaren 2an troikako teknikariak Madrilera joango dira banku sistemaren osasuna neurtzera. Aurretik, datorren astelehenean, EBk aurreko bisitaren txostena osorik kaleratu behar du. Irailaren 30an kaleratutako aurrerapenean, troika nahiko pozik azaldu zen, bankuek kapitala eta likidezia handitu ahal izan dutelako. Edonola ere, gogorarazi zuten Espainiak «desorekak zuzentzeko prozesu zaila» zuela aurrean.  

Irlanda, asegururik gabe

Irlandari dagokionez, abenduaren 15ean aterako da ofizialki erreskatetik. 67.500 milioi utzi dizkiote eta EBZk nahi zuen beste 10.000 milioi euroren mailegu lerro bat sortzea, aseguru gisa. Ez duela behar dio Enda Kennyren gobernuak, azkenaldian merkatuen konfidantza berreskuratu duelako eta 25.000 milioiko erreserba sortu duelako.  

Erreskatetik «irteera garbia» lortzea bere gobernuarentzat arrakasta politiko bat den arren, Kennyk triunfalismoa saihestu nahi izan du, eta zuhurtasuna eta baikortasuna nahasten dituen hitzak bota  ditu gaur goizean Dail Eireann parlamentuan. «Honek ez du esan nahi gure zailtasun ekonomikoak amaitu direnik […] Herritarrek bere eguneroko bizitzan erronkak izan arren, etorkizun oparo baterako bidea hasiko dugu; langabezia masibo batetik enplegu osorako bidea izango da; nahitaezko emigraziotik, beste herrialdeetara lan bila joan diren milaka lagunen itzulerara arte».  

Zipreren erreskatea ere bide onetik doala ziurtatu du Dijsselbloemek. Ez da hain pozik azaldu, ordea, Greziarekin, eta lau ataletan aurrerapausoak egiteko eskatu dio Atenasi. "Badakigu ahalegin handiak egin dituztela, baina lana ez dago bukatuta".  Mila milioi gehiago jasoko ditu hurrengo azterketa gainditzen badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.