Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du Herve Falciani informatikaria Suitzara estraditatzeko eskaera. Suitzak leporatzen zaizkion delituetako bi (banku sekretua haustea eta informazioa lapurtzea) Espainian delitu ez direla ebatzi du auzitegi horretako Bigarren Aretoak. Apirilaren erdialdera egindako auzian fiskalak berak Falcianiren askatasuna eskatu zuen. «Ezin ditugu zigortu lan egiten duten lekuan delitu bat ikusi eta hori agintariei salatzen dieten pertsonak», esan zuen Dolores Delgado fiskalak. Ildo horri eutsi dio Jose ricardo de Prada epaimahaiburuak. Falcianik emandako datuak "ustez legez kontrakoak izan daitezkeen ekintzei buruzkoak dira, eta inolaz ere ezin zaie legezko babesik eman". Epaiaren ondoren, Falciani guztiz aske geratuko da eta Espainiatik atera ahal izango du, nahi izanez gero.
Falcianik HSBC bankuarentzat lan egiten zuen, Suitzan. 2008. urteko abenduan 130.000 bezeroren datuak eskuratu zituen, eta bankuak zerga iruzurra errazteko egiten zituen praktikak dokumentatu zituen. Orduan atxilotu zuen lehen aldiz Suitzako Poliziak, eta alde egitea erabaki zuen. 2009. urteko urtarrilean, Frantzian atxilotu zuten, eta iruzurgileei buruzko informazioa Justiziaren eskuetan utzi zuen. Haren arrastoa berriro galdu zen gero, harik eta joan den urteko uztailean Espainiako Poliziak Bartzelonan atzeman zuen arte.
Auzi saioak kasuari buruz informazio interesgarria azaleratu zuen. Hala, HSBC bankuaren jokabidea zorrotz salatu zuen Delgado fiskalak. «HSBC bankua bere horretan paradisu fiskal bat da». Falcianiren informazioari esker, Suitzan kontuak zituzten 659 zergapekori buruzko datuak lortu zituen Espainiako Ogasunak. Datu horien bidez, 250 eta 300 milioi euro bitartean bildu zituztela jakinarazi zuen Carlos Ocaña orduko Ogasun estatu idazkariak.
Falcianik berak bere arrazoiak eman zituen. Informazioa eskuratzea bankuaren «eskandaluzko jokabideekin» jabetu zenean erabaki zuela nabarmendu zuen. Hasiera batean, Libanora egindako bidaia batean iruzurgileen zerrenda saldu nahi izatea egotzi zitzaion, baina akusazio hori erabat ukatu zuen. «Munduan inork ezin du adierazi inolako ordainik eskatu dudala. Ez dut sekula ezer eskatu». Atxilotu zutenean, informazioa Suitzako Justiziari eman nahi izan ziola ziurtatu zuen, baina ez zioten modu anonimoan deklaratzen utzi nahi. «Suitzako Justiziak ez du inolako interesik bankua ikertzeko», azaldu zuen. Ondoren, Frantzian, guztia jarri zuen Eric Montgolfier Nizako fiskalaren eskura.