Espainiak gas naturala garestituko du, argindarraren zuloa estaltzeko

Gas naturalaren prezioa hiru aldiz igo dute aurten Hego Euskal Herrian; guztira ia %8 igo da

Gas naturaleko sukalde bat. Espainiak laster esango du gasa zenbat garestituko duen. BERRIA.
jakes goikoetxea
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
BEZa igotzea eta azkeneko urteetan argindarra eta erregaiak izugarri garestitzea nahikoa ez, eta Espainiako Gobernuak gas naturala ere garestituko du. Zentimo berdea ezarriko dio gas naturalari, argindar konpainiekin pilatzen ari den milaka milioiko zuloa txikitzeko. Energia sektorearen erreformako neurrietako bat izango da. Europa Press agentziak aurreratu zuen atzo, Espainiako Gobernuko iturrietan oinarrituta. Ez du zehaztu igoera zenbatekoa izango den.

Argindar ekoizleen esanetan, herritarrek argindarragatik ordaintzen dutena ez da nahikoa ekoizpen kostuak ordaintzeko. Aldeari tarifa defizita deitzen zaio. 2000. urtetik 24.000 milioi euroko zorra pilatu da —Espainiaren BPGaren %2tik gora— eta 6.000-7.000 milioi euro handitzen da urtero. Tarifa defizita pilatu da, sei urtean argindarraren prezioa %70 garestitu den arren, eta Espainian argindarraren prezioa Europako Batasuneko herrialde gehienetan baino garestiagoa den arren. Gas sisteman ere hasi zen desoreka sortzen.

Tarifa defizitaren zuloa gasarekin bete nahi du Espainiako Gobernuak. Prezio igoerak pilatzen ari dira gasa eta erregaiak. Aurten bertan, gasa %0,5 igo zuten urtarrilean, %5 apirilean eta %2,26 uztailean.

Espainiako Gobernuak dirua behar izan duen guztietan erregaietara jo izan du. Oraingoan uko egin dio erregaiei zerga berri bat ezartzeari. Erregaiek lau zerga igoera izan dituzte 2009tik Hego Euskal Herrian: 2,9 zentimoko igoera litroko 2009ko ekainean; BEZaren igoera %16tik %18ra 2010eko uztailean; litroko 2,4 zentimoko osasun zentimoa Nafarroan, ekainean; eta BEZaren igoera, %18tik %21era, irailetik aurrera.

2008tik gasolina eta gasolio litroa hamar zentimo baino gehiago garestitu da zerga igoeren eraginez. Gasolina litroaren prezioaren ia erdia (%48,29) eta gasolio litroaren prezioaren %42,69 zergei zegokien uztailean, Espainiako Petrolio Produktuen Operadoreen Elkartearen arabera.

Elkarteak dio igoera horiek guztiak gutxitzen ari direla erregaien kontsumoa. Gainera, erregaiak garestituta, produktu gehienak ere garestitzen dira, garraio kostuek gora egiten baitute.

Gasaren kontsumoa, parean

Gasaren kontsumoak ez zuen gorabehera handirik izan iaz Araban, Bizkaiak eta Gipuzkoan. Etxeetan, merkataritzan eta industrian gas kontsumoa %0,4 jaitsi zen, Energiaren Euskal Erakundearen datuen arabera. Kontsumo osoak, ordea, %14,3kojaitsiera izan zuen, «zentral termikoen funtzionamendu eskasagatik». Gas naturalaren kontsumoa %42,1 gutxitu zuten, 2010arekin alderatuta.

Uztailaren 11n Espainiako Gobernuak hainbat zerga igoera eta murrizketa onartu zituen: balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) igotzea, langabezia saria jaistea, erretiro adina atzeratzeko prozesua azkartzea, langile publikoei Eguberrietako saria kentzea, etxebizitza kenkaria kentzea...

Neurrien artean Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuen energia sektorearen zerga sistema aldatuko zuela, «behingoz» tarifa defizita amaitzeko. Energia sistemaren erreformaren bidez egin nahi dute. Espainiako Gobernuaren erreforma nagusietako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.