Espainiak gehiago mugatu du ultraaktibitatea

Lan hitzarmen zaharraren iraunaldia amaitu eta berria onartu arteko epea zortzi eta hamalau hilabete artekoa izango daProbintziako hitzarmenak indargabetuko ditu negoziazio kolektiboaren erreformak

jakes goikoetxea
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Gobernuak onartu egin du negoziazio kolektiboaren erreforma, baina badaki atzo onartutako testua aldatu egin beharko duela. Izan ere, Kongresuko alderdi gehienak kontra ditu, eta haietako batzuen babesa behar du lege proiektua onartzeko. Sindikatuak eta enpresaburuak ere atzo Ministroen Kontseiluak onartutako testuaren aurka daude.

Praktikan, Espainiako Gobernua aldaketak egiten hasi da: egun batetik bestera gehiago murriztu du hitzarmen berria lortu bitartean zaharrak iraungo duen denbora. Sindikatuei urtebete eta urte eta erdi artekoa aurkeztu zien herenegun; atzo, ordea, Ministroen Kontseiluak zortzi eta hamalau hilabete artekoa onartu zuen.

1. Ultraaktibitatea

Hitz gordin horrek esan nahi du lan hitzarmen bat amaitzen denean indarrean jarraitzen duela beste bat hitzartu arte. CEOEk ultraaktibitatea desagertzea nahi zuen.

Espainiako Gobernuak mugatu egin du lan hitzarmen zaharraren iraunaldia amaitu eta indarrean jarrai dezakeen epea. Hau da, berria onartzeko negoziazioak iraun dezakeen denbora. Gobernua muga horiek aldatzen joan da egunetik egunera. Atzo onartutako errege lege-dekretuaren arabera, zortzi eta hamalau hilabete artekoa izango da: zortzi hilabetekoa bi urte arteko hitzarmenetan eta hamalaukoa bi urtetik gorakoetan.

Enpresak edo langileek hiru hilabeteko epea izango dute lan hitzarmen berri bat eskatzeko, eta hilabete batean osatu beharko dute lan hitzarmena negoziatzeko batzordea.

Negoziazio epeak amaitu etalangileek eta enpresak akordiorik lortzen ez badute, enpresatik kanpoko tresnetara jo beharko dute. Tresna horiek aldez aurretik hitzartu beharko dituzte. Espainiako Gobernuak epaiz kanpoko bideak bultzatu nahi ditu, eta enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek ze bidetara jotzea hitzartzea nahi du. Aukera bat bitartekari batengana jotzea da, baina haren irtenbidea ez da bete beharrekoa. Bestea arbitro bati erabakitzeko eskatzea. Arbitroaren erabakia bete egin behar dute.

Hala ere, prozedura horiek guztiak beteta ere, gerta daiteke akordiorik ez izatea. Lan itun zaharrak jarraituko du indarrean.

2. Enpresen garrantzia

Espainiako Gobernuak argi eta garbi esan du enpresetako hitzarmenek izango dutela lehentasuna, sektoreetako hitzarmenen gainetik. Enpresaburuen elkarte eta sindikatu nagusiek kontrakoa erabakitzen ez badute behintzat. Ze ataletan ere zehaztu du: oinarrizko soldata eta soldataren osagarrietan; aparteko lanorduen eta lanaldietan banatutako lanaren ordainean; ordutegian eta lanorduen banaketan; oporren antolaketan; lanpostuen sailkapenaren egokitzapenean; kontratatzeko moduen egokitzapenean; eta lana eta familia bateratzeko neurrietan. Lan hitzarmenaren mamian, alegia. Gainera, enpresako hitzarmenak sektorekoak baino baldintza kaskarragoak izan ditzake.

Lan hitzarmenen funtsa enpresetan negoziatuta, enpresetako barne malgutasuna bultzatu nahi du Espainiako Gobernuak. «Lan baldintzak enpresaren egoera zehatzetara egokitzeko», dio. Sindikatuek, ordea, salatu dute lan hitzarmenaren negoziazioak enpresetan oinarrituta, langileak babesgabeago geratuko direla, bai enpresa askotan sindikatuen ordezkaririk ez dagoelako, bai sektoreko hitzarmenek indar gutxiago izango dutenez hitzarmena baldintzatzeko tresna gutxiago izango dituztelako.

3. Probintziako hitzarmenak

Akabo probintzietako lan hitzarmenak: «Negoziazio kolektiboaarautu ahal izango dute bakarriksektoreko Espainiako hitzarmenek eta autonomia erkidegoetakoek. Probintzietako hitzarmenek ez dute gaitasun hori izango».

4. Malgutasuna

Enpresaburuek nahi eta behar duten moduan banatu eta antolatu ahal izango dituzte, gutxienez, langileen urteko lanorduen %5. Lan hitzarmenetan zehaztu egin beharko dute enpresa bakoitzean kopuru hori zenbatekoa izango den.

5. Malgutasuna eta hitzarmena etetea

Enpresek langileen oinarrizko lan baldintzak (soldatak, ordutegiak, lanaldiak...) aldatu ahal izango dituzte. Horrez gain, sektoreko lan hitzarmenean jasotakoa ez ordaintzea erabaki dezakete, «ordain horiei eusteak enpresaren egoerari eta etorkizunari kalte egiten badie eta lanpostuei eusteko aukerei eragiten badie». Langileekin hitzartu beharko dituzte. Akordiorik lortzen ez badute, aurrena enpresaren eta langileen arteko batzorde parekidera jo beharko dute. Aldaketak hitzartu gabe jarraitzen badute, gero arbitro batengana. Haren erabakia bete beharrekoa da.

Enpresak gehienezko epea izango du hitzarmenean onartutako ordainak ez emateko: hitzarmenak irauten duen denbora edo hiru urte.

Espainiako Gobernuak neurri horiek erabiltzea nahi du, «langileak kaleratu beharrean».

6. Negoziazioa

Espainiako Gobernuak onartu du errege lege-dekretua, baina badaki testua aldatu egin beharko duela. Halabeharrez. Espainiako Kongresuan ez du gehiengorik erreforma onartu ahal izateko. CiUk jada esan dio bere babesa nahi badu enpresaburuen eskaera gehiago onartu beharko dituela. EAJk ez du ezer esan.

CCOO eta UGT CEOErekin negoziatzen jarraitzeko prest daude. Espainiako Kongresuko alderdiekin ere hitz egingo dute, testua aldatzen saiatzeko.

7. Erreakzioak

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren iritziz, negoziazio kolektiboaren erreformarekin lan erreformarekin gertatu zena pasatuko da: «Parlamentuko prozedura erreforma okertzeko baliatuko dute».

Muñozek, negoziazio kolektiboaren erreforma abiatu zenetik egin duen moduan, ohartarazi zuen jokoan dagoela erabakitzeko euskal esparrua, Hego Euskal Herriko langileen lan baldintzak Hego Euskal Herrian erabaki ahal izatea. Horregatik, EAJri eskatu dio Parlamentuko tramitazioan erabakitzeko euskal esparrua babestu dezala, erreformaren kontra bozkatuz.

Ildo beretik, LABek urrats bat gehiago egiteko unea iritsi dela uste du, «planto egitekoa, gure negoziazio eremuaren alde izaera politikoagoa duen erantzuna ematekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.