«Dirua ematen duenak inoiz ez du doan ematen», ohartarazi zuen herenegun Joaquin Almuniak, Europako Lehiarako komisarioak. Espainiako Gobernuaren inguruanari zen orduan, baina berdin-berdin ari zitekeen Europaren laguntzaren zain dauden finantza erakundeen inguruan ere, laguntza hori ez baitute doan jasoko. Itxura denez, Europak %3 edo %4 inguruko interesarekin utziko dio dirua Espainiari. Espainiak, ordea, mailegu askoz garestiagoak emango dizkie diru horren premia duten finantza erakundeei. Almuniaren hitzetan, «gutxienez %8,5eko interesa kobratuko die, Europako araudiak hala agintzen duelako».
Bankuak salbatzeko erreskatea estatuarentzat «inbertsiobat» dela uste du Europako Lehiarako komisarioak. Izan ere, dirua jasotzen duten erakundeek aurrera egiten badute eta maileguan hartutako dirua itzultzen badute, estatuak dirua irabaziko du. Aldiz, lagundutako bankuak bidean gelditzen badira, dirua galduko du estatuaren mendeko FROB funtsak, Europak Espainiari utzitako dirua kudeatzeaz arduratuko den erakundeak.
Horregatik, Almuniak nabarmendu du diru hori erakundeen osasun egoera sendotzeko erabili behar dela, negozioa bideragarri egiteko berregituratzeak behartuz. «Denbora beharko da berregituratzearen ondorio baikorrak igartzeko erakundeen emaitzetan, baina hori gertatzen denean, erakunde horien balioa handitu egingo da». Beste herrialde batzuetan horixe gertatzen ari dela adierazi du, duela hiruzpalau urte nazionalizatu zituzten bankuak hazten hasi direla, «eta estatuek egindako inbertsioa berreskuratzen, irabazi eta guzti». Aukera hori baztertzerik ez dagoela esan du Almuniak.
FROB funtsak bi modutan utzi ahal izango die dirua finantza erakundeei: zuzenean akzioak erosita edota coco deritzen bonu bihurgarrien bidez. Estatuak, erakunde bateko akzioak erosten baditu, titulu horien balioaren arabera lehenago edo geroago berreskuratuko du inbertsioa; erakundeak irabaziak lortzen dituen kasuan, dibidenduak ere jasoko ditu.
Aldiz, akzioak erosi beharreancoco deritzen titulu bihurgarri horiek erosten baditu, erakundeak urtero interesak ordaindu beharko dizkio estatuari, tituluak atzera berriz saltzen dituen arte. Eta interesak ez dira izango edonolakoak: Almuniaren arabera,%8,5etik gorakoak. Orain arteko kasuetan Europako Batzordeak ezarritako gutxieneko muga hori izan dela jakinarazi du Lehiarako komisarioak, eta oraingoan ere hala izango dela. Erakundea estatuarekin dituen betebeharrei aurre egin ezinik geldituko balitz, mailegu hori akzio bihurtuko litzateke eta erakundea estatuaren esku geldituko litzateke, Bankiarekin gertatu den bezala.
2010ean, Espainiako finantza sistemaren aurreneko erreforma egin zenean, estatuak —FROB funtsaren bidez— 9.700 milioi utzi zizkien erakundeei, %7,75eko interesarekin. Erakundeek bost edota zazpi urteko epean itzuli behar diote dirua estatuari. Bigarren fasean, beste 4.751 milioi utzi zizkien. Guztira utzitako 13.800 milioi horien truke, 750 milioi poltsikoratu zituen iaz.
Krisia eurogunean
Espainiak gutxienez %8,5eko interesa eskatuko die bankuei
Almuniak dio erreskatea inbertsioa dela, estatuak %3ko interesarekin jasoko duelako dirua eta %8,5ekoarekin emango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu