Hasieran, ukatu egin zuen laguntza behar zuela. Erreformekin nahikoa zela esan zuen. Ondoren, arazoa bere kabuz konpontzeko gai zela nabarmendu zuen. Gero, Europari presio egiten hasi zen, bankuentzako erreskaterik gabeko erreskatea lortzeko. Eta, orain, argi eta garbi aitortu behar izan du Europaren laguntza behar duela bankuen zuloak estaltzeko.
Cristobal Montoro Ogasun ministroak egin zuen atzo, Onda Cero irratiari eskainitako elkarrizketa batean. Espainiak, hark bakarrik, ezin du lortu zenbait bankutan sartu nahi duen kapitala. Oraindik ez du argitu zenbat diru behar duen. Zor merkatuetan dirua lortzea garestiegia da, eta dirua Europak zuzenean bankuei uztea nahi du, Espainia erreskatatu gabe eta erreskateen truke egin beharreko murrizketarik gabe.
Ogasun ministroak lasaitasuna zabaltzeko eskatu die euroguneko agintariei, baina hark gasolioa bota dio suari. Esan du Espainiak ezin duela dirua lortu zor merkatuetan. Montorok aitortu du Espainiak itxita dauzkala zor merkatuetako ateak: arrisku sariak astebete darama oinarrizko 500 puntutik gora, eta Espainiak %6tik gorako interesa eskaini behar die bere zorraren erosleei.
Kalifikazio agentzien pareko oportunismo traketsa izan du, Espainiako Altxorrak 2.000 milioi euroren zorra jaulki behar baitu bihar. Ohi baino kopuru txikiagoa da, gehiegizko errentagarritasuna eskaintzeko beldurrez.
Bankiarentzat 19.000 milioi euro behar ditu. Ez du zehaztu zenbat gehiago gainerako finantza erakundeentzat: Novacaixagalicia eta Catalunyacaixa eta Banco de Valencia.
Emilio Botin Santander bankuko presidenteak 40.000 milioi euro behar direla esan zuen herenegun. Montorok ez zuen kopurua baieztatu edo gezurtatu. «Ez da kopuru oso handia, ez da gehiegizkoa», esan zuen soilik. 19.000 milioi euro hezkuntzan eta osasun zerbitzuetan egindako murrizketen bikoitza da. Lortzeko moduko kopurua da, Montororen esanetan.
Ez Espainiak, Europak baizik, bankuen birkapitalizazioa bere gain hartuta, Espainiak erreskatea eskatu gabe. «Teknikoki» Espainia ezin dela erreskatatu esan zuen Ekonomia ministroak atzo, euroguneko laugarren ekonomia handiena delako. Adierazgarria da Montororen atzoko mezua, Europako agintariei esan baitzien Espainiako zenbait finantza erakunderi kapitala uztea ez dela garestiegia. Espainiari erreskatea ematea garestiagoa izango dela, alegia.
Alemania, batuta
Alemaniak ez du arazo teknikorik ikusten. Espainia presioa egiten ari da ohiko erreskatea eska dezan, Greziak, Irlandak eta Portugalek egin zuten moduan. Alemaniako Parlamentuan ez daukate zalantzarik: Merkelen CDU alderdiak eta oposizioko SPDk bat egin dute, eta Espainiaren aukera bakarra erreskatea eskatzea dela uste dute. Merkelek bankuen kapitalizazio zuzenaren aldeko tentaziorik izango balu, zer pentsatzen duten argi utzi zuten atzo, Bruselan.
«Beltzezko gizonak ez dira Espainiara etorriko», esan zuen atzo Montorok, herritarrak lasaitu nahian. Beltzezko gizonak dira troikako ordezkariak: Europako Batzordekoak, Europako Banku Zentralekoak eta Nazioarteko Diru Funtsekoak.
Montorok ezin du ziurtatu Ogasun Ministerioko bulegoa troikako ordezkariekin partekatu beharko ez duenik. Troikako ordezkariek neurriak diktatu eta hitzez hitz onartu beharko ez dituenik.
Espainiak Europako bankuen batasuna baliatu nahi du bankuentzako kapitala lortzeko, hau da, Europako banku nagusien gainbegiratzea bateratuta, bezeroen gordailuak bermatzeko funts bat sortuta eta erreskaterako funts baten bidez.
Espainiarentzat Europako banku batasunak esan nahi du laguntza behar duten bankuek zuzenean Europari eskatu ahal izango diotela. Gaur egun ezin da, herrialdeek eskatu behar dute erreskatea, troikaren esanetara jartzearen truke.
Alemania bankuak gainbegiratzeko erakunde bateratuaren alde dago, baina oraingoz ez dago gehiago onartzeko prest, are gutxiago bankuei zuzenean Europako dirua emateko, herrialdeek ordainagiria ordaindu gabe.
Europako Batzordeak gaur aurkeztuko du etorkizuneko finantza krisiak kudeatzeko eta bankuen batasunaren lehen urratsa egiteko proposamena. Europako Batzordeak nahi du bankuek ordain dezatela beren erreskatea, ez herrialdeek.
Horretarako, herrialde bakoitzak bankuak erreskatatzeko funtsak edukitzea nahi du. Herrialde horretako finantza erakundeek dirua jarri beharko dute funtsean. Atzo ez zuten zehaztu zenbat. Hamar urte izango dituzte dirua biltzeko. Zenbat? Babestutako gordailuen %1. Herrialdeek aukeratu beharko dute gordailuak bermatzeko funtsak eta funts berria bateratzea edo biei aparte eustea.
Elkarri laguntzeko funtsa
Herrialdeek, beharrezkoa balitz, funts horien bidez elkarri lagundu beharko liekete bankuak erreskatatzeko. Funtsek ezingo dute diruaren erdia baino gehiago utzi. Ez da eurogunerako funts bakarra, baina bai funtsen sarea.
Proposamenaren beste berrikuntzetako bat da finantza erakundeek beren burua erreskatatu beharko dutela, bail-in deitua. Finantza erakundeek porrot eginez gero, lehentasunik gabeko hartzekodunek galerak onartu beharko dituzte.
G7koen finantza ministroek telekonferentzia bidezko bilera egin zuten atzo, euroguneko arazoei buruz hitz egiteko, Greziaz eta Espainiaz batez ere. Eurogunearen batasun fiskalaz eta finantza batasunaz hitz egin zuten, AEBetako Altxorraren arabera. G20koek hilaren 18an eta 19an egingo dute hurrengo bilera, Mexikon.
Gaur, Europako Banku Zentralaren txanda izango da. Mario Draghi erakundeko presidenteak hitz egingo du, hamabostean behingo bileraren ondoren. Interes tasei %1ean eustea espero da.
Espainiak laguntza erregutu dio Europari
Cristobal Montoro Ogasun ministroak aitortu du ezin duela dirua bere kabuz lortu finantza erakundeak birkapitalizatzekoEuropako Batzordeak bankuentzako erreskate funtsak nahi ditu herrialdeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu