Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek aurkeztutako espedienteei buruzko erabakiak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak hartzen ditu gehienetan. Nafarroako enpresaren batek proposatuz gero, herrialde horretako Lan Sailak. Batak zein besteak emandako datuen arabera, 66.594 langileri eragin diete enplegua erregulatzeko espedienteak. Horiei, ordea, Espainiako Lan Sailak onartutako espedienteen menpe geratu direnak batu behar zaizkie. Atzo jakin zenez, beste10.763. Beraz, urteko lehen bederatzi hilabeteetan, guztira 77.357 pertsonari eten zaie kontratua.
Enpresa batek espedientea erkidego batean baino gehiagotan aurkeztu nahi duenean geratzen da espedientea Espainiako Lan ministerioaren esku. Esaterako, hori izan da Went Thermik, Gruas Jaso, Sidenor eta beste hainbat eta hainbat enpresaren kasua. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak onartutakoa zenbatuta, 2.996 erregulaziori eman zaie oniritzia irailera bitartean.
Gehien-gehienak aldi baterakoak izan dira, 77.357tik 72.168 hain zuzen. Kalean 3.953 pertsona geratu dira, eta gainerakoei lanaldia murriztu zaie, 1.236ri.Herrialdeka eginez gero konparaketa, Bizkaiko langileei eragin diete gehien enplegua erregulatzeko espedienteek: 24.016ri eten zaie kontratua aldi baterako nahiz betiko; Gipuzkoan, 23.000ri; Nafarroan, 17.541i eta Araban, 12.800 langileri.
Iazko urritik gora eta gora
Bestalde, datuek argi erakusten dute krisia iazko urrian hasi zela enpleguari eragiten. Aurtengo eta iazko zenbakiak konparatuz gero, hamazazpi aldiz igo da erregulazioen kopurua. Hau da, 2008ko irailera arte 4.527 langileri eragin zieten espedienteek; eta, aurten, epe berean, 77.357ri
Eta 2008ko urrian hasi zen goranzko joerak ez du etenik izan orain artean. Egon dira erregulazio kopuruak behera egin duen hilabeteak. Esaterako, iraila. Baina urrian berriro ikusi zen hori abuztuko oporren ondorioa bakarrik izan zela, nabarmen hazi baitzen espedienteen kopurua.
Espainiak onartutako espedienteek ia 11.000 langileri eragin diete
77.357 langile daude erregulazioan Jaurlaritza eta Nafarroako eta Espainiako lan sailen datuak batuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu