Negoziazio kolektiboaren gaur egungo egoera hankaz gora jar dezakeen epaia jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Sepla pilotuen sindikatuak Air Nostrum konpainiaren aurka jarritako salaketa bati erantzunez, auzitegi horretako gizarte arloko epaileek esan dute erreformaren aurretik izenpetu ziren lan itunen baldintzak indarrean jarraitzen dutela ultraaktibitatearen urtebeteko muga igarota ere. Epaileek diote urtebeteko epea ezin dela "besterik gabe malgutasunik gabe" aplikatu, eta kontuan hartu behar dela bi parteek (sindikatuek eta enpresaburuek) aukera izan zutela itun horien luzapena urtebetera mugatzeko, eta ez zutela egin. "Horregatik ezin da esan haien asmoa ez zela ultraaktibitatearen erregimena legegileak orain subsidiaroki proposatu duen urtebetetik gora joatea".
Sinatutako hitzarmenak indarrean egoteko hainbat elementu daudela dio epaiak. "Beste kontu bat da, erreformaren aurretik hainbeste hitzarmen egonda, lege aldaketak indarra galtzea. Baina hori legegileen esku zegoen erreforma diseinatzeko orduan, eta pentsatu behar dugu kontuan hartu zuela".
Horregatik, Auzitegi Nazionalak arrazoi ematen dio pilotuen sindikatuari, eta Air Nostrumeko III hitzarmen kolektiboa indarrean dagoela erabaki du, eta horrela egongo da berri bat egin arte, bi aldeek espreski erabaki zutelako hala egitea berria onartu bitartean. Epai horren aurkako helegitea jarri ahal du konpainiak Espainiako Auzitegi Gorenean.
Air Nostrumeko epaia uztailaren 7ko epe mugatik iritsitako lehena da. Egun horretan, erreformaren arabera, bertan behera geratu ziren 2012ko uztailaren 7an berritu gabe zeuden lan hitzarmen guztiak. Lan Harremanen Kontseiluak gaur bertan emandako datuen arabera, 238.066 langileren itunak agortu ziren egun horretan. Horietatik 58.220k Estatuko eremuko hitzarmenera igaro ziren eta 660 EAE osorako hitzarmenetara, baina lautik hiru (179.186) ez dute Langileen Estatutua ez den beste babesik.