Espainiako 'banku txarrak' ez ditu kudeatuko etxebizitza solte asko

Abenduan jarriko da indarrean, eta Ekonomia ministroak ziurtatu du etxeen prezioa jaisteko balioko duela

Iker Aranburu.
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Tantaka bada ere, Espainiako Gobernua hasi da azaltzen nola funtzionatuko duen banku txarrak. Berritasun nagusia da aktiboak kudeatzeko sozietateak —horrela deitzen dio Madrilek— ez dituela izango etxebizitza solte asko. Bankuek bere gain hartu dituzten 100.000 eurotik beherako etxeak eta 250.000 eurotik beherako maileguak —hipotekario gehienak— kanpoan utziko dituzte, Luis de Guindos Ekonomia ministroaren hitzetan, «bestela maneiaezina izango baita».

Kongresuan, Guindosek azaldu du banku txarra abenduan sortuko dela eta hasiera batean nazionalizatutako erakundeen aktiboak kudeatuko dituela, hots, Bankia, CatalunyaBanc, Novagalicia Banco eta Banco de Valenciarenak. Ondoren, «garrantzi gutxiko beste batzuenak» batuko dira. Erakunde horien etxegintzako mailegu ustelak zein osasuntsuak hartuko ditu banku txarrak. Batik bat, etxebizitza blokeak, amaitu gabeko etxe sustapenak eta eraikitzeko lurzorua izango da. Banku txarraren jabetzaren %55 inbertitzaile pribatuek izango dute.

Zalantza nagusia, baina, ez du argitu Guindosek: zenbat pagatuko duten aktibo kaskarren truke. Gutxi bada, are gehiago handituko dute banku horien zuloa, eta gehiegi ematen badiete, zailagoa izango du estatuak bere inbertsioa berreskuratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.