Espainiako Bankuak ez du baztertu kutxa gehiagok FROBi dirua eskatzea

Onartu egin ditu diru premia duten finantza erakundeek kapitala lortzeko aurkeztuko dizkioten planak

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Bankuak kapital premia duten hamahiru finantza erakundeek aurkeztutako planak onartu ditu, tartean Banca Civicarena. Ez du aparteko gehiago esan. Bakarrik ez duela baztertzen dirua esku pribatuetatik edo burtsara aterata lortu nahi duten kutxen lau proiektuek ere FROB funts publikora jo behar izatea, dirua eskuratzeko. Banca Civica da berez FROBi dirua eskatzeko asmorik ez duen talde horietako bat. Baita Bankia, Banco Base eta BMN ere.

Espainiako Bankuak handitu egin du finantza erakundeen oinarrizko kapital ratioa: bazkide pribatuak lortuz gero edo burtsara joz gero, %8koa; bestela, %10ekoa. Hego Euskal Herriko finantza erakunde guztiek gainditu dute langa berria, Banca Civicak ezik. 847 milioi euro gehiago behar ditu. Banca Civicako kidea da CAN Nafarroako Kutxa, Cajasolekin, Caja Burgosekin eta Caja Canariasekin batera.

Diru pribatua aukeratu duten finantza erakunde gehienek zailtasunak dituzte inbertitzaileak lortzeko: alde batetik, diru premia duten arren, ez dietelako negozioaren zatia merkealdiko prezioan saldu nahi; beste alde batetik, inbertitzaile asko oraindik fidagaitzak direlako, ez baitakite zehatz-mehatz zer aurkituko duten kutxen diru kontuetan.

Enrique Goñi Banca Civicako lehendakarikideak herenegun Iruñean esan zuen inbertitzaileek ez dutela «ezustekorik» aurkituko, ez Banca Civicaren balantzean, ezta likidezian ere.

Banca Civicak mila milioi euro bildu nahi ditu, 500 milioi euro inbertitzaile instituzionalen eskutik —gehienak atzerritarrak—, eta beste 500 milioi euroak inbertitzaile txikietatik. Taldearen %25-40 pribatizatu nahi du. Burtsara ateratzen bada, oinarrizko kapitalaren ratioa %9,5etik %10era pasako dela zehaztu zuen Goñik.

Espainiako Bankuak martxoaren 10ean argitaratu zuen kapital premien zerrendan berrikuntza bat izan da. CAM Mediterraneoko Kutxa Banco Basetik kanpo geratu da. Cajasturrek, Caja Extremadurak eta Caja Cantabriak osatu dute Banco Base, bat-egite hotza. CAMek 2.800 milioi euro eskatu dizkio FROBi. Banco Basek 519 milioi euro behar ditu.

FROBen dirua bertan dutenek hilaren 28rako onartu behar dituzte birkapitalizazio planak, eta Espainiako Bankuari aurkeztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.