Espainiako ekonomiak %1,6 egingo du atzera aurten

Langabezia %15,6ra eta defizit publikoa %5,8ra iritsiko direla onartu du Pedro Solbes Ekonomia ministroak

Iker Aranburu.
2009ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen aldaketa txiki utzi du Espainiako Gobernuak. Atzo iragarri zuen Espainiako barne produktu gordina %1,6 txikituko dela aurten. Joan den uztailean, aurrekontuak prestatu zituenean, %1eko hazkundea iragarri zuen, baina ekonomiaren bat-bateko geldialdiak aurreikuspenak goitik behera aldatzera behartu du Madrilgo gobernua.

Europako Batzordera bidali behar duen Egonkortasun Programaren nondik norakoak aurkeztu zituen atzo Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak. Funtsean, programak dio Espainiak ezingo duela Europako Egonkortasun Ituna bete, 2008-2011 epean defizit publikoaren %3ko muga hautsiko duelako.

Azken urteotan superabita lortu ostean -BPGaren %2,2koa zen 2007an-, Solbesek aitortu zuen aurten defizit publikoa %5,8ra igoko dela. 2008.urtea %3,4ko defizitarekin bukatu zuenez eta 2010 (%4,8) eta 2011 (%3,9) ere mugatik gora bukatuko duenez, Bruselak zigor espedientea ireki beharko dio Espainiari. Madrilek «ekonomiaren bat-bateko geldialdia» argudiatuko du defizita justifikatzeko.

Espainiako Estatuaren zorra ere handituko da. Iaz BPGaren %40etik behera zegoen eta %54ra iritsiko da 2011n.

Okerrena aurten

Langabeziaren okerrena 2009an ikusiko dela iragarri du Solbesek: 2008an, tasa %11,1ra iritsiko da eta %15,9ra aurten. Ondoren hasiko da pixkanaka jaisten: %15,7ra 2010ean eta %14,9ra2011n. Solbesek ziurtatu du aurten 600.000 lanpostu desagertuko direla, eta «inondik inora» ez dela iritsiko lau milioi langabeen kopurura. Edonola ere, langabeziaren hazkundeak behartuta, aurten beste 2.000 milioi euro beharko ditu Estatuak langabeen sariak pagatzeko.

Ekonomia ministroaren arabera, aurten iritsiko dira «krisiaren unerik larrienak». Hala ere, espero du urtearen amaieran hazkundearen lehen zantzuak itzuliko direla eta datorren urtean tasa positiboa iritsiko dela. «Hazkunde bizia», berriz, ez luke 2011era arteheldu behar.



Espainiako aurreikuspenak (%)

2007 2008 2009 2010 2011

BPGaren hazkundea 3,4 1,2 -1,6 1,2 2,6

Langabezia tasa 8,3 11,1 15,6 15,7 14,8

Aurrekontuen balantzea 2,2 -3,4 -5,8 -4,8 -3,9

Zor publikoa 36,2 39,5 47,3 51,6 53,7
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.