Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 61,28 milioi euroko isuna jarri die hamabi enpresari, errepideen kontserbatze eta ustiatze zerbitzuen lizitazioetan kartel bat osatzeagatik.
Isuna jaso dutenen artean daude Espainiako sei eraikuntza enpresarik handienen filialak, errepideen sektorean aritzen direnak. Zehazki hauek dira zigortutakoak: Acciona Mantenimiento (2,34 milioi); Aceinsa (3,21); Alvac (5,9); API (ACS) (11,8); Audeca (Elecnor) (2,63); Copasa (5,6); Elsamex (4,04); Elsan (OHL) (3,02); Ferroser (Ferrovial) (5,71); Innovia (Copcisa) (3,35); Matinsa (FCC) (8,54); eta Sacyr Conservación. (5,17).
Isun ekonomikoaz gain, errepideetako lizitazioetara aurkezteko debekua jarri die. Aukera hori 2017ko Kontratu Publikoen Legearen erreforman sartu zen. Enpresek, dena den, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta auzibideak iraun bitartean erabaki hori ez litzateke indarrean sartuko. Hala gertatu da aurretik: enpresa horietako batzuk 2019an zigortu zituen CNMCk, abiadura handiko trenaren lanak banatzeko kartel bat osatzeagatik.
Ikerketaren arabera (hemen osorik, espainieraz), kartelean parte hartu zuten enpresek Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioak 2014tik 2018ra atera zituen 101 lizitazioetatik 71 eskuratu zituzten. Guztira, 530 milioi euro baino gehiagoko lanak, Ministerioak esleitutako zenbatekoaren % 63.
Errepide horien artean ez dago bakar bat ere Hego Euskal Herrian, eta euskal enpresarik ere ez da ageri zigortutakoen artean.
Jarduteko modua
CNMCk bere oharrean azaltzen duenez, karteleko kideak «kafea hartzeko» bileretan zehazten zituzten Ministerioan aurkeztu beharreko eskaintza ekonomikoen irizpideak, eta kontratu multzo bakoitzerako berariaz diseinatutako formula bat aplikatzen zuten.
Oro har, sistema horren bidez, enpresek «pizgarriak» jasotzen zituzten adjudikazio aukerak lizitazio kopuru mugatu batean kontzentratzeko. Halaber, lizitazio guztietan eskaintzak aurkeztera konprometitzen ziren, nahiz eta lanak haiei adjudikatzeko aukera gutxi edo batere ez izan; hori eginda, karteleko beste enpresei «estaldura eskaintzen» zieten, taldetik kanpo zeuden beste enpresa batzuen eskaintzak kontratazio prozesutik baztertzeko.
CNMCk baieztatu duenez, 2014ko otsailetik 2018ko abendura bitartean jardun zuen kartelak, baina 2009tik haien arteko «elkarrizketa batzuk» aurkitu ditu. Ikerketan zehar eskainitako «kolaborazioa» dela eta, Aceinsa enpresari zegokion zigor ekonomikoa txikitu du CNMCk, eta lizitazioetara aurkeztu ahal izango da.