Argindarra

Espainiako Gobernuak baztertu egin du argindarraren prezioan gehienekoak ezartzea

Ribera ministroak argudiatu du Europak debekatzen duela esku hartze publikoa. Esan du fakturak «egonkorrago» egiteko modua bilatzen ari direla, eta zerga batzuk berrikusteko aukera aipatu du

Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikoko ministroa, atzoko agerraldian. JUAN CARLOS HIDALGO (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko abuztuaren 30a
20:48
Entzun

Argindarraren prezioaren igoerak ez du etenik. Inoizko garestienean egongo da astearte honetan Hego Euskal Herrian eta Espainian: megawatt-ordua 130,53 euro ordainduko da. Testuinguru horretan, Teresa Ribera Trantsizio Energetikoko ministroak agerraldia egin du Madrilgo diputatuen kongresuan, berak hala eskatuta. Baztertu egin du handizkako merkatuan esku hartze publikorik egitea, argudiatuta Europako zuzenbideak berariaz debekatzen duela hori. Gainera, jakinarazi du gobernua prest dagoela argindarraren zerga batzuk berrikusteko, eta kontsumitzaileen tarifa arautuan (PVPC ) aldaketak egiteko, prezioa «egonkorragoa» izan dadin; dena den, batean zein bestean ez du zehaztasunik eman.

Unidas Podemosek mesfidantzaz hartu du iragarpen hori. Gogorarazi du «konpainia elektrikoen lobbyak» antzeko proposamen bat egin duela, eta gakoa dela «zein preziotan egonkortu» nahi den faktura. Gobernuko kidearen proposamen nagusiari buruz, energia enpresa publiko bat sortzeko aukeraz Riberak ez du atea erabat itxi, baina esan du hori zentral hidroelektrikoen kudeaketaz arduratuko litzatekeela soilik, egungo ustiapen kontzesioak iraungi ahala.

Ministroak bere hizketaldian gogorarazi du argindarrarena Europa osoan gertatzen ari den fenomenoa dela, gasaren merkatuak eta CO2aren isurketenak baldintzatuta. Adibidez, Erresuma Batuan 132,69 eurotan ordainduko da astearte honetan megawatt-ordua, eta Frantzian, 108,17tan. Espainiako Gobernuak aitortu du igotzen jarraituko duela, eta urte amaierako faktura %25 inguru garestiago izango dela aurreko urtekoarekin alderatuta.

Dena den, Riberak azaldu duenez, argindarraren handizkako prezioa fakturaren zati bat da (%24 inguru), eta azpimarratu du gorabehera horien menpe dagoen tarifa arautua (PVPC) %20 merkeagoa dela oraindik ere librea baino (konpainiek eta bezeroek adostutakoa).

Fakturari dagozkion beste atalei buruz (azpiegitura eta garraio kostuez, eta zergez) prest agertu da proposamenak aztertzeko, baina ez du zehaztasunik eman. Gobernuak ekainaren amaieran %21etik %10era jaitsi zuen argindarraren BEZa urte amaierara arte, eta ekoizleek ordaintzen duten zerga (% 7koa) bertan behera utzi zuen hirugarren hiruhilekorako.

Enpatia sozial eskasa

Bere agerraldian, konpainia elektrikoentzako mezua ere izan du Riberak: «enpatia sozial eskasa» leporatu die, zentral hidroelektriko batzuk nahita husteagatik «irabaziak handitzeko». Hala, jakinarazi du Kongresuan batzorde bat sortuko dutela, horrekin batera, argindarraren prezioaren etengabeko igoeren bestelako arrazoiak aztertzeko.

Era berean, Riberak nabarmendu du bere gobernuak bi lege proiektu aurkeztu dituela, datozen urteetan faktura %15 inguru merkatu ahal izango dutenak. Sistema Elektrikoaren Iraunkortasunerako Funts Nazionala sortu nahi du, horrela berriztagarrien erregimena finantzatzen laguntzeko eta gizarte bazterketa arriskuan dauden kontsumitzaileentzako bonu sozialak zabaltzeko. Horri buruzko argibide gehiago eskatu du oposizioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.