GEURE KONTU

Ur pixka bat, sutea itzaltzeko

Zentral hidroelektriko bat, La Barca urtegian, Asturiasen. ELOY ALONSO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Gainezka egin dio egoerak. Alde guztietatik inguratuta, eta orain arteko estrategien porrota ikusita, amore eman du, eta duela gutxira arte pentsaezina zirudiena egin du. Ez, ez naiz Afganistango Gobernuari buruz ari, Espainiakoaz baizik. Lehenengoak bizia du jokoan, eta bigarrenak geratzen zaion kapital politikoa, argindarraren etengabeko garestitzeak ataka estuan jarri baitu, bere hautesle gehienen haserretik nola defendatu ez zekiela. Elektrizitatearen BEZaren jaitsiera (%21etik %10era) azken asteko prezio handiek ito diotenean, untxi bat atera du kapelatik: argindar enpresa publiko bat sortzeko aukera aztertzen ari da.

Unidas Podemosen aspaldiko eskaera da argindar enpresa publiko bat, baina ez da agertzen hark eta PSOEk sinatutako gobernu programan, alderdi sozialistak ez duelako nahi izan. Ostegunean Teresa Ribera Trantsizio Energetikoko ministroak iragarri arte aukera bazegoela.

Baina nazionalizazio masiboak eta enpresa publiko ahalguztidunak amesten dituztenak esna daitezela. «Inoizko gobernurik aurrerakoiena» izango da orain Moncloan esertzen dena, baina ez gaude 1940ko hamarkadan, eta 2020koan aurrerakoia eta nazionalizazioa hitzek ez dute errima bera. Are gutxiago PSOEren hiztegietan.

Urrats apala baita Espainiako Gobernua egiteko prest dirudiena: asko jota, enpresa publiko bat sortuko du, eta hor sartuko ditu zentral hidroelektrikoak, baina soilik gaur egun haiek ustiatzen dituzten enpresa pribatuen kudeaketarako aldia bukatzen denean. Gutxi batzuena jada amaitzear dago, eta askorena 2030 inguruan bukatuko da. Badira, ordea, 2072ra arte luzatuko diren kontzesioak ere.

Gainera, gerta daiteke Pedro Sanchezen gobernuak enpresa publikoaren aukera alde batera uztea eta zentral hidroelektrikoak ur konfederazioen esku uztea, azken urteetan kudeaketa publikora itzuli diren apurrekin gertatu den bezala.

Laburbilduz, urteak beharko direla estatuaren esku hartzeak argindarraren merkatuan eragina izango ote duen ikusteko. Riberak berak aitortu du ez dela epe laburreko kontu bat.

Gainera, hidroelektrikoa ez da, inondik inora, argindar iturri nagusia. Red Electrica Españolaren datuen arabera, iaz haren eremuan sortutako argindarraren %11,9 soilik izan zen zentral hidraulikoek sortutakoa, eta iturri nagusietan laugarrena izan zen, nuklearraren (%22,2), eolikoaren (%21,7) eta gasaren (%17,8) ondoren.

Nazionalizaziorik ez

Hidroelektrikoak soilik aukeratzeak badu azalpen sinple bat: urtegietan daude haien artean handienak, eta, urtegiak bezala, haiek ere publikoak dira. Parke eolikoak, zentral nuklearrak eta fotovoltaikoak, ordea, nagusiki jabetza pribatukoak dira, eta haiek publiko egiteak —nazionalizatzeak— sekulako kostua izango luke. Ez duela egingo esan du, hitzez hitz.

Baina, zeharka bada ere, hidroelektrikoak seinalatu ditu Riberak, noiz eta haien erabilerari buruzko zalantza asko zabaltzen ari direnean. Beste energia berriztagarriek ez bezala, urtegietako zentral hidroelektrikoek badute abantaila bat: nahi direnean jar daitezke martxan, urtegiaren ateak irekita. Horretaz baliatu dira konpainia elektrikoak, eta azken asteetan oso une jakinetan ireki dituzte ateak, argindarra oso garesti zegoenean.

Zer ekarri du horrek? Kostu oso txikia duen iturri bat urtegiak aspaldi amortizatu ziren, eta ura zerutik erortzen da gas garestiaren prezioan ordaindu dela, nazioarteko merkatuen gorabeheren ondorioz, erregai hori oso garesti dagoenean.

Kasu deigarriak gertatu dira Espainia ekialdeko bi urtegirekin: Ricobayokoa (Gaztela eta Leon) eta Valdecañas (Extremadura). Haren kudeatzaileak, Iberdrolak, hustu egin ditu azken asteetan, eta sutan jarri ditu inguruko udalak. Europako Batzordera ere jo dute, salatzeko Bilbon egoitza duen argindar konpainiak hornikuntza arazoak sortu dizkiela eta galera ekonomikoak izango dituztela, bisitariak ez direlako urtegira aisialdirako hurbilduko. Facua kontsumitzaileen elkarteak ikerketa bat egiteko eskatu dio CNMV merkatuen gainbegiratzaileari, eta Ribera ministroak berak azalpenak eskatu dizkio Iberdrolari. Onartu du konpainia elektrikoak egin duena agian legezkoa dela, baina ez zaio «arrazoizkoa» iruditzen urtegi bat sei astean hustea.

Enpresa publiko asko

Sozietate publikoa sortuta ere, ikusteko dago zer-nolako eragina izango lukeen prezioetan. Gehien jota, zintzo jokatzea eta haren eskaintzetan prezioak artifizialki ez puztea eska dakioke, baina hari ere merkatuko prezioan ordaindu beharko litzaioke, beste modu batera egiteak debekatzen duelako EBko legediak.

Enpresa pribatuen jokaleku berean jokatzen dute Europan dauden konpainia publikoek. Eta ez dira gutxi, Espainiako eskuineko politiko batzuek «enpresa publikoa» entzun eta Venezuelaren mamua haizatzen hasi diren arren. Horrela, Frantziako Estatua da EDF konpainiaren akzioen %83,6en jabe, eta Engieren beste %23,6 dauzka. Espainiako argindar enpresa handienetako bat, Endesa, ENELena da, eta azken haren %23,3 da Italiako estatuarena. Suediako Vattenfall erabat publikoa da, etaakzioen erdia dute Austriak Verbunden eta Finlandiak Fortumen.

Askoz merkeagoa da argindarra inguru horietan? Pixka bat bai, baina alde nagusia argindarra sortzeko erabiltzen diren iturrien ondorioa da: merkeagoa berriztagarriak (eta nuklearra) nagusi direnetan, garestiagoa besteetan. Prezioen sutea, hortaz, ez du ur pixka batek itzaliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.