Ekonomia

Espainiako Gobernuak ere ez die diru laguntzarik emango arrantzaleei

Baxurako eta alturako arrantzaleek protestak egin dituzte Madrilen erregaien garestitzearen aurka.

2008ko maiatzaren 31
10:19
Entzun 00:00:0000:00:00
Iban Ocio

Hogei tona arrain doan, harrapaketengatik bi sos pagatzen dietela eta gasolioaren prezioa «jasanezina» dela salatzeko. Madrilen batu ziren atzo Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako milaka arrantzale. Ontziak portuan utzi, eta protesta egin zuten Espainiako Gobernuko Itsas, Landa eta Ingurumen Gaietarako Ministerioaren aurrean. Berretsi zuten erregai litroko duela lau urte baino %240 gehiago pagatzen ari direla -0,1 eurotik, 0,7 eurora pasatu da salneurria-. Sektorearen krisiari aurre egiteko neurriak lehenbailehen hartzeko exijitu zieten administrazio guztiei. Bruselak legez, Espainiako Gobernuak gasolioaren garestitzea apaltzeko dirurik aurreikusi ez duela jakin zuten atzo bertan, ordea.

Laguntza horiek arazoa konpondu beharrean, larriagotu egingo dutela adierazi zuen Pedro Solbes presidenteordeak. Joe Borg Europako Batzordeko Arrantza komisarioaren hitzak bere egin zituen. «Era horretako behin-behineko neurriek kalte handia egingo liokete arrantzaren geroari». Borg haratago joan zen herenegun. «Legez kanpokoak dira arrantzaleak eskatzen ari diren laguntza horiek». Sektoreak hondoa joko ez badu, ontzidia murriztu beharra dago, Arrantza komisarioaren arabera. «Alde handiegia dago itsasoan dagoen arrainaren eta ontzi kopuruaren artean».

Laguntza eskean

Ontziak eraginkorrago egiteari eta gasolio gutxiago kontsumitzeari ere ezinbestekoa iritzi zion. Bada, atzo Madrilen elkartutako arrantzaleak bat datoz eraginkortasun premiarekin. Batzuk, gainera, ontzidia murrizteari ere ezinbesteko iritzi diote. Gaurko egoeran, sektorea bideragarria ez dela, eta berehalako laguntzak behar dituztela diote. Gasolioaren garestitzeari aurre egiteko dirua gura dute. Eta sos horiek eskatzen jardun zuten Euskal Herriko dozenaka arrantzalek Itsas, Landa eta Ingurumen Gaietarako Ministerioren aurrean. Goizeko ordu txikietan zuten hitzordua Gipuzkoako eta Bizkaiko portu ugaritan.

Ondarroatik (Bizkaia), arrantzalez betetako bost autobus irten ziren Madrilera Autobus horietako batean zihoan Ondarroako Alturako Ontzi Jabeen Elkarteko gerente Victor Badiola. Bestelako balorazioei ekin baino lehen, alturako ontzi guztiak laster portuan lotuta egongo direla berretsi zuen. Izan ere, besteak beste Ondarroako portuko egoera beste edozein ostiraleko berbera zela adierazi zuen Itsas, Landa eta Ingurumen Gaietarako Ministerioak eguerdian: «15 metro baino luzeagoak diren 26 ontzietatik, 9 besterik ez daude portuan». Badiolak gezurtatu egin zuen informazio hori. Azaldu zuen, zuzen esanda, hamabi zeudela jada lotuta, eta egunaren joanean itzuliko zirela beste ontzi guztiak.

Izan ere, alturako ontzi jabeek itsasora ez joatea erabaki dute. «Ez dugu berriz arrantzan jardungo administrazioak konponbideak bideratu arte». Gasolioaren garestitzeak sektorea galbidera eramango duela ohartarazi zuen. «Urtarrilean, litroko 0,42 euro pagatzen genituen. Orain, berriz, litroko 0,75». Eta alturako ontzi batek ez du gutxi kontsumitzen. Ez horixe. Ia milioi bat litro urteko. Ekoizpen kostuak, beraz, jasanezinak bihurtu direla azpimarratu zuen.

Badiolak hiru konponbide aipatu zituen: «Administrazioak, aurrenik, erregaiaren gaur-gaurko arazoari aurre egiteko laguntzak eman behar ditu; bigarrenik, ontzi jabeek Gizarte Segurantzari gutxiago pagatzeko neurriak sustatu behar ditu; eta, hirugarrenik, ontzidia murrizteko plan bat jarri behar du martxan».

Alturako zein baxurako ontzi kopurua murrizteko plana atzeraezina dela, baina ondo prestatutakoa izan behar duela nabarmendu zuen. Europako Batzordea, berriz, oraingo gasolioaren krisiak ontzidia berez murriztuko duelakoan dago. «Ontzi asko desegitea eta, era horretan, presioa arintzea» espero du Bruselak. Ontzi kopurua gutxituta, harrapaketak ere gutxitzea eta arrain espezie garrantzitsuenen iraupena bermatzea gura du. Eta, ildo horretatik, herrialdeekin akordioa egin eta kuotak jaitsi gura ditu. Arrantzaleek, ziurrenik, neurri horren aurka egingo dutela uste du, ordea.

Baxura ere kezkatuta

Bizkaiko, Gipuzkoako, Galiziako eta Asturias eta Kantabriako (Espainia) baxurako arrantzaleek, adibidez, ostera ere antxoa harrapaketak baimentzeko eskatu berri dute. Arrantzale horiek hegaluzearen arrantzaldiari ekingo diote laster, eta alturakoak bezala, kezka handia dute erregaiaren prezioarekin. Baxurako ontzi batek urteko 350.000 bat litro gasolio kontsumitzen ditu eta, prezioen goranzko joeraren ondorioz, sektoreak hondoa jo dezakeela diote kofradietako buruek. Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak Madrilen izan ziren atzo.

Oraindik ez dute erabaki arrantzari utziko dioten edo ez, baina Administrazioak laguntzak eman ezean, gura ala gura ez portuan geratu beharko direla diote. Eta, alde horretatik, arrain fresko barik geratzeko beldurrez daude banatzaileak, azokak, arrandegiak eta jatetxeak. Ez bakarrik Euskal Herrian, Europa osoan baizik. Izan ere, gasolioaren garestitzeagatik protestan ari dira herrialde askotako arrantzaleak.

Guztiek ere krisialdia apaltzeko diru laguntzak eskatu dituzte. Europako Batzordeak, baina, argi utzi du sosik emango ez dizkiela. Jakinarazi duenez, hurrengo astean bilerara deituko ditu estatu kideetako gobernuetako Arrantza ministroak, sektorearen egoeraz hausnartzeko. Edozer erabakita ere, gasolioaren arazoak iraun egingo duela salatu dute arrantzaleek, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.