Espainiako Gobernuak ezezkoa eman die CEOE patronalaren eta Espainiako Bankuaren azken proposamenei. Ez du kaleratzea merkatuko lukeenkontratu berririk onartuko, eta urtearen amaieran inflazioa negatiboa bada, ez ditu pentsioak gutxituko.
«Gobernuak ez du inolaz ere kaleratzea merkatuko enplegu gehiago sortzeko aitzakian», ziurtatu zuen atzo Celestino Corbacho Lan ministroak. Adierazpen horrekin erantzun zion bezperan CEOEk proposatutako lan kontratu berriari. Espainiako patronalak bi urterako kontratu ez-finko bat proposatu du; enpresaburuak haustea erabakiko balu, lan egindako urte bakoitzeko zortzi eguneko kalte-ordaina jasoko luke langileak. Behin bi urte igarota, kontratu finkoa izatera pasatuko litzateke, baina haustearen kalte-ordaina 20 egunera mugatuko litzateke -45 egunekoa da arruntetan eta 33 egunekoa mugagabeko kontratazioa sustatzekoetan-. Kasu batean zein bestean, enpresaburuak ez luke Administrazioaren baimenik beharko kaleratzeko, eta langileek ezingo lukete lan auzitegietara jo, dagokien kalte-ordaina jasotzea eskatzera ez bada.
CCOOk ere arbuiatu egin du patronalaren eskaintza, «abiada bizian kaleratze libre eta doakora» doan proposamena delakoan. Ramon Gorriz CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkariaren arabera, CEOEren proposamena «krisiaren aitzakian» lan merkatua gehiago desarautzeko kanpainaren parte da, eta Nazioarteko Diru Funtsak eta Espainiako Bankuak ere parte hartzen dute «taldekako ekimen horretan». Hain zuzen ere, Espainiako Bankuak proposatu du aurten inflazioa zerotik beherakoa bada, datorren urtean pentsioei jaitsiera hori aplikatzea. Hau da, aurten inflazioa -%0,5ekoa izango balitz, urtarrilean jaitsiera hori aplikatzea pentsioei. Proposamen horri ere ateak itxi dizkio Madrilgo gobernuak. «Pentsioek, zerbait egitekotan, gora egingo dute», iragarri zuen atzo Elena Salgado Ekonomia ministroak. Gainera, KPIa oso gutxi handituko balitz ere, aurten ezarritako igoera ez da berrikusiko.
Patronalak ez du etsi
Espainiako Gobernuaren erantzunak ez du kikildu patronala, eta atzo berriro heldu zion gaiari Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidenteak, pentsioak eta lan merkatua uztartuta. Haren hitzetan, «lan merkatua guk esaten dugun ildotik erreformatzen ez bada, orduan bai egongo dira pentsioak arriskuan». Are urrunago joan zen gero Diaz Ferran, eta kaleratzeak merkatzen ez badira eta enpresei zergak jaisten ez bazaizkie Espainia krisitik ez dela aterako ziurtatu zuen: «Auskalo zenbat denbora egingo dugun hondoan, baldin eta ez badira mahai gainean jarri ditugun erreformak egiten».
Espainiako Gobernuak ez ditu pentsioak jaitsiko, ezta kaleratzea merkatuko ere
Kalte-ordain txikiagoa duten eta hausteko baimenik behar ez duten kontratuak proposatu ditu CEOEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu