Azken pausoa soilik falta da lanaldia 37,5 ordura apaltzeko, baina agian pausorik zailena izango da. Neurri hori da PSOEk eta Sumarrek egindako promes nagusietako bat, eta Espainiako Gobernuak gaur eman dio oniritzia proposamena Kongresura bidaltzeari, baina, oraingoz, ez du onartua izateko behar beste babes. Aurka ditu PP, Vox eta JxC Junts Per Catalunya, eta alde gainontzekoak. Madrilek, ordea, badu Carles Puigdemonten alderdiari iritzia aldarazteko itxaropena.
JxCk atzo bertan berretsi zuen ezetz esango duela. «Neurri hori zuzeneko eraso bat da Kataluniako autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat», adierazi zuen Miriam Nogueras bozeramaileak, eta haserre mintzatu zen, ezin izan dutelako negoziatu gobernuak parlamentura bidaliko duen testuaren «koma bat bera ere». Aurreproiektuari osoko zuzenketa bat aurkezteko asmoa ere erakutsi zuen.
«Lanaldia laburtzea zuzeneko eraso bat da Kataluniako autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat»
MIRIAM NOGUERAS JxCren eleduna Espainiako Kongresuan
Dena den, eta kritika zorrotzak egin arren, ez zion atea erabat itxi legea babesteari. Hori dela eta, PSOEk eta Sumarrek esan dute oraindik badagoela negoziatzeko tartea, elkarrizketetan aurrerapausoak ematen ari direla eta JxCrekin akordio bat lortzeko «benetako aukerak» daudela. Zenbait aste daramatzate negoziatzen.
PPk, bestalde, argi utzi du ez duela legea babestuko: «Ez dugu onartuko patronalen eta sindikatuen arteko adostasunik gabeko neurririk». Izan ere, 11 hilabetez elkarrizketa sozialerako mahaian negoziatzen jardun ostean, sindikatuek eta gobernuak soilik izenpetu zuten akordio bat, eta haren aurka agertu ziren CEOE eta Cepyme enpresaburuen elkarteak.
Gaurko prentsaurrekoan, Yolanda Diaz Lan ministroak PPren jokabidea jarri du jo puntuan: «Aukera dute erakusteko zerk axola dien gehiago, gobernua kolpatzeak ala jendearen bizitza aldatzeak».
EAJk, «printzipioz», asmoa du neurriari baiezkoa emateko. Hala esan zuen urrian Andoni Ortuzarrek, oraindik ere EBBko presidente zela. Jeltzaleek azpimarratu izan dute legeak ez lukeela izugarrizko eraginik izango Hego Euskal Herrian, bertan negoziatzen diren lan hitzarmen gehienetan lanaldia 37,5 ordutik beherakoa baita jada; «batez ere, sektore publikoan». Horrez gain, aipatu dute enpresa txikiek izango lituzketela neurria aplikatzeko zailtasun gehien.
420.000Hego Euskal Herrian zenbat langileri laburtuko litzaiekeen lanaldia. Hego Euskal Herrian Espainian baino eragin apalagoa izango luke lanaldia laburtzeko erabakiak, baina, hala ere, ez dira gutxi neurriak eragingo liekeen beharginak: CCOOren arabera, 300.000 inguru dira EAEn, eta, Lan Ministerioaren arabera, 120.000 Nafarroan.
EAJk dioena zuzena da, baina hemen ere badira 37,5 ordutik gorako lanaldia dutenak: CCOOren arabera, 300.000 inguru dira EAEn, eta, Lan Ministerioaren arabera, 120.000 Nafarroan. Haietako asko Espainiako sektorekako eta enpresetako hitzarmenei lotutakoak dira. Espainian, denera, 12,5 milioi langileri eragingo diela aurreikusi du Madrilek.
EH Bilduk bai, legea babestuko du. Koalizioak esan du «lehen pauso» gisa «positiboa» dela, baina gehitu du «Euskal Herriko lan errealitatetik urrun» dagoela, eta beharrezkoa dela lanaldia 35 ordura apaltzea. ELA eta LAB negoziazioetara gonbidatu ez izana ere kritikatu du.
ERCk eta BNGk subiranisten ildo beretik jo dute, eta Podemosek ere babestuko du gobernuaren proposamena, ezusterik ezean.
Egunean ordu erdi gutxiago
Astean 37,5 ordu lan egitea proposatzen da aurreproiektuan; egunean ordu erdi gutxiago, alegia. Horretarako, lanaldiaren erregistroa automatizatu, eta «XXI. mendera egokituko da». Lan ikuskaritzak edozein langileren lanaldia ikusi ahalko du automatikoki, eta, hala, gobernuak espero du argitzea aparteko zenbat ordu gelditzen diren ordaindu gabe. Diazen arabera, ordu poltsa hori erdira apaldu da azken urteetan, baina, oraindik ere, Gizarte Segurantzak behar baino diru gutxiago biltzen du horren eraginez.
Gainera, soldatari berdin eutsiko zaio lanaldia laburtuta ere. Europako Batzordeak dioenarekin bat eginez, langileen deskonexiorako eskubidea jasoko da legean.
Ikusi gehiago
Gainera, bada kontuan hartu behar den beste faktore bat: lanaldi partziala duten langileek, lanaldiari eusten badiote, soldata handiagoa jaso beharko dute, lanaldi luzeagoa izango dutelako proportzioan.
Diazek adierazi izan du lanaldia laburtzeak produktibitatea handituko duela, eta etekinak areagotu. Haren esanetan, legea ez da aldatu 1984tik; 40 orduko lanaldia ezarri zen orduan, eta produktibitatea %53 hobetu da harrezkeroztik.