espainia

Espainiako Gobernuak ministerioen gastua batez beste %17 murriztuko du

27.300 milioi euroko jaitsiera egingo du. Argindarra %7 igoko da eta gasa %5. Enpresa handiei zergak igo nahi dizkie. Ez du BEZ igoko, pentsioak eguneratu egingo ditu eta langabezia sariari eutsi egingo dio. Dirulaguntzetan baina murrizketa sorta iragarri du. Saenz de Santamaria presidenteordea 2012ko aurrekontu proposamena aurkezten ari da.

2012ko martxoaren 30a
18:01
Entzun

Iragarri bezala, Espainiako Gobernuak (PP) murrizketa handiak egingo ditu 2012ko aurrekontuetan, ministerioen gastua batez beste %16,9 jaitsiko baitu, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak prentsaurreko batean jakinarazi duenez. "Egoera ekonomikoa muturrekoa" dela esan du eta, horregatik, neurriak hartu beharrean direla, "oso aurrekontu zehatzak" eginda. 27.300 milioi euroko doikuntza egingo du.

Greba orokorraren biharamunean, aurrekontu proposamena aurkezten ari da Saenz de Santamaria, Moncloan, Cristobal Montoro Ogasun ministroarekin eta Jose Manuel Soria Industria ministroarekin. Ministro Kontseiluaren bilera izan dute aurretik.

Erreforma nagusiak hurrengo asteotan hartuko direla iragarri du Soriak. Asteartean bidaliko ditu aurrekontuak Kongresura. Orduan zabalduko dira beste xehetasun batzuk. PPk gehiengo osoa du Kongresuan.

Aurrekontu proposamena

Lehengo egunean aurreratu zuten moduan, argindarraren prezioa  %7 igoko da etzitik aurrera eta gasa %5. 24.000 milioiko tarifaren defizitari heltzeko neurri batzuk iragarri ditu Espainiako Industria ministroak. Zati bat argindar konpainiek beraiek hartu beharko dute, besteak beste, 688 milioi gutxiago pagatuko dizkiete argindarra banatzeagatik, eta 84 milioi euro gutxiago jasoko dituzte zentral termikoak elektrizitatea sortzeko prest egoteagatik. TUR tarifa, herritar gehienek pagatzen dutena %7 igoko da. Enpresa txikiei %4, erdiei %2tik gora eta %1 baino gutxiago handiei. 

Gasa tratatzeko eta banatzeko azpiegiturak soberan daudela onartu du Soriak, eta horregatik, aurrerantzean halako azpiegiturak egin nahi dituztenek ez dute laguntzarik jasoko. Gasaren TURa %5 igoko da. 

Funtzionarioei soldatak izoztu egingo dizkie. "Administrazio guztien" lanaldia luzatu egingo du Espainiako Gobernuak. Hamar funtzionarioetatik bat baizik ez dute ordezkatuko, ”funtsezko zerbitzuetan izan ezik”.

Enpresa handien sozietate zergetan aldaketak egingo ditu, diru gehiago jasotzeko. Diru sarrera gehigarrien bidez 12.300 milioi eurotik gora bildu nahi ditu guztira Espainiako Gobernuak. Zati bat lortzeko, zerga kenkariak gutxituko dizkiete enpresei eta amnistia fiskala iruzurgileei. Horrek ez luke Hego Euskal Herrian eragin behar, foru ogasunak baitira horren arduradun. Gipuzkoa jada ari da zerga kenkarien gaia aztertzen. 

Gobernuak ez du BEZ igoko "kontsumoari kalterik ez egitearren", pentsioak eguneratu egingo ditu eta langabezia sariari eutsi egingo dio. 

Dirulaguntzetan baina murrizketa sorta iragarri ditu. Enpresa eta erakundeen diru ekarpen zuzenak %45etik gora murriztuko dira. Era berean, diru gutxiago etxeetarako, nazioarteko lankidetzarako, trenbideak konpontzeko, etorkinak integratzeko funtsetarako, enplegu politika aktiboetarako… 

Garapenerako laguntza 594 milioi eurotan murriztuko du, etxebizitzakoa 322 milioi eurotan eta enplegu-politika aktiboetan 1.500 milioi eurotan —iaz baino %45 gutxiago— .

Bestalde, tabakoa garestituko da eta tasa berriak ezarriko dira Justizia sisteman, ”helegiteetan gehiegikeriak saihestearren”.

Murrizketak ministerio bakoitzean

Hezkuntza, kultura eta kirol ministerioak 3.088 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino %21,2 gutxiago.

Murrizketa handienak jasan dituzten ministerioak Kanpo Harreman eta lankidetzakoa —%54,4ko murrizketa jasango du— eta Sustapenekoa dira, %34,6 gutxiago. 

Murrizketa gutxien jasango dituztenak aldiz Presidentzia—%3,8ko jaitsiera— eta Barne ministerioa —%4,3koa—. Justizia ministerioak %6,3ko murrizketa izango du, Lan eta Segurtasun ministerioak %7,4koa eta Defentsak %8,8koa. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.