Atzo arratsaldeko zazpietatik gaur goizeko seiak arte Espainiako Estatuko lan merkatuaren erreformaz negoziatzen jardun dute Espainiako Gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek, baina ez dute akordiorik lortu. Ondorioz, Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) gobernuburuak Ministroen Kontseiluaren bileran lege dekretuz onatuko du datorren asteazkenean, duela egun batzuk iragarri zuen bezala. Hala baieztatu du gaur goizean Elena Salgado Ekonomia ministroak.
Aurrez, erreformaren testua eragile haiei aurkeztuko die, baina iritzia jasotzeko baino ez, gobernuko iturriek gaur goizean esan dutenez. Aste honetan, berriz, Kongresuko talde politikoekin hasiko da hizketan. PSOEk gutxiengoa du parlamentuan.
Celestino Corbacho Espainiako Lan ministroa, Gerardo Diaz CEOE patronaleko presidentea, eta CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusi Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez eseri ziren atzo arratsaldean lan erreformari buruz hitz egiteko eta negoziatzeko. Ekainaren 3an ere izan zen bilerarik, baina ez ziren gutxiengoetara gerturatu. Sindikatuen arabera, "oso kaltegarria da" gobernuak proposatzen duena.
Gerardo Diazek batzarraren ondoren adierazi du langileen kaleratzeari buruzko puntua izan dela desadostasun nagusia. "Sindikatuek ez dute errealitate ikusi nahi. Jarrera immobilista izan dute. Sentitzen dugu negoziazioak horrela amaitzea, enpresariok kontratatu egin nahi baitugu, ez kaleratu. Erreformak sakona izan behar du, nazioarteko erakunde denak eskatzen ari diren bezala", esan du CEOEko buruak. "Hau [negoziazioa] bukatu da".
Mendez UGTko idazkari nagusiaren ustez, "bilerak iraun bitartean ez da kontsentsurako argi izpi bakar bat egon. Patronalak ez du negoziatu nahi izan, eta ez du negoziatu".
Kaleratze merkeagoa
Besteak beste, langileak langabeziara bidaltzeko modua erraztuko du erreformak, enpresarientzat kaleratzea merkeagoa izanik. 1999an indarrean sartu zen Enplegua sustatzeko kontratua biziberritzea nahi du gobernuak; kolektibo batzuk laneratzea laguntzeko sortu zen, baina azken garaietan gutxi erabili da. Azken batean, kontratu mugagabea da baina, kaleratua izanez gero, langileak asko jota 33 eguneko ordaina jasotzeko eskubidea du, 24 hilabeteko mugarekin. Ohiko kontratu mugagabeak kalte-ordaina 45 lan egunekoa da, eta 42 hilabete da muga.
CCOO eta UGT prest daude greba orokorrera deitzeko, eta ekainaren 30a da aurreikusten duten datetako bat. Hego Euskal Herrian ere aurreikusi dute sindikatu abertzaleek lanuzte orokorra.
Bestelako neurriak
Kaleratze merkeagoaren efektuari aurre egiteko, aldi baterako kontratuak gogortzeko neurriak planteatzen ditu Espainiako Gobernuak. Kontratazioa sustatzeko ematen diren pizgarriak mugatu, eta soilik kolektibo jakin batzuei zuzentzea proposatu du, halaber.
Bestelako ideia batzuk agertu dira: arazoak dituzten enpresetan kaleratze objektiboa errazteko bideak ireki nahi ditu, eta lan arloko bitartekaritzan irabazi-asmoa duten agentzia pribatuak baimentzeko urratsa egiteko prest dago.
ekonomia
Espainiako Gobernuak, patronalak eta sindikatuek ez dute lan erreformari buruz akordiorik lortu
Langileen kaleratzeari buruzko puntua izan da desadostasun nagusia, eta Zapaterok dekretuz onartuko du erreforma, datorren asteazkenean. Atzo arratsaldetik gaur goizeko seiak arte jardun dute negoziatzen Celestino Corbacho Lan ministroak, Gerardo Diaz CEOEko presidenteak eta Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOko eta UGTko idazkari nagusiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu