KUTXABANK

Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariei lanpostua ematea "estatu politika" zen, Mario Fernandezen arabera

"Zer egingo zenukete zuek, borroka antiterroristaren lehen lerroan egon den pertsona batek laguntza eskatuko balizue?", deklaratu du Kutxabankeko presidente ohiak fiskalaren aurrean. Fernandezek azaldu du PPko buru batek eskatu ziola Cabiecesentzat lanpostu bat, eta Iñaki Anasagasti EAJ senatariak Info7 irratian esan duenez, Antonio Basagoiti EAEko PPko idazkari nagusi ohiak egin zion eskaria.

Mario Fernandez, auzitegiaren atarian. ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko otsailaren 6a
11:30
Entzun

Kutxabankeko ustezko irregulartasun baten harira deklaratu du Fernandezek fiskalaren aurrean, eta esan du PPko kide batek 2012an eskatu ziola Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan zuen ordezkariari, Mikel Cabiecesi, lanpostu bat bilatzea. Adibide gisa, esan du berdin egin zela Paulino Luesma, Enrique Villar eta Juan Mari Jauregirekin, eta ohikoa zela "estatu politika" gisa "borroka antiterroristari" lotutako pertsonei eta, horien artean, Madrilek EAEn izan dituen ordezkariei lanpostu bat bilatzea. Luesmak eta Villarrek Espainiak Lisboan duen enbaxadan lan egin zuten; Jauregi, berriz, Aldeasan aritu zen beharrean.

Fernandezek fiskalari esan dio "lehen unetik argi" izan zuela "zilegi" zen irtenbide bat bilatzeko beharra, horrek Kutxabanki kalterik eragin gabe. Eskaria Kutxabankeko giza baliabideetako arduradunari bidali zion, eta hark proposatu zion Fernandezi abokatuen bufete batekin akordio bat egitea, eta hori onartu zuen Fernandezek. Hiru urte geroago, 2014ko urri edo azaroan, giza baliabideetako zuzendariordeak Fernandezi esan zion bertan behera utziko zuela akordioa, eta hori ere ontzat jo zuen Fernandezek.

Urtarrilaren 12an, Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko egungo presidentearekin izan zen Fernandez, eta hark esan zion abokatuen bufetearekin izandako akordioaren berri izan zuela. Betiere Fernandezen esanetan, Billalabeitiak aipatu zion pentsa zitekeela Kutxabankek kalteren bat izan zuela operazio haren ondorioz, eta Fernandezek erantzun zion bere patrikatik jarriko zuela dirua, Kutxabank "bere lana" izan zelako eta Kutxabankeko langile eta bezeroak "bereziak" direlako harentzat. Billalabeitiak ihardetsi zion dirua ordainduta gaia amaitutzat joko zuela. Hurrengo egunean egin zuen ordainketa Fernandezek, esan duenez.

Mikel Cabiecesekin izandako harremanaren inguruan, Fernandezek azaldu du harreman "instituzionala" izan zuela harekin Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari zen bitartean, BBKren gizarte lanari lotutako erlazioa izan zutela Cabieces Portugaleteko alkate zenean, eta, gero, BBK-ko Administrazio Kontseiluko kide zenean, presidentearen eta kontseilarien arteko "ohiko" harremana izan zutela.

"Ohorearen kontrako erasoa"

Azalpenak eman ostean, Fernandezek erantsi du bere "ohoreari eraso egiteko borondate esplizitua" antzeman duela auzian, eta iragarri du fiskalak ikerketa amaitu ostean neurriak hartuko dituela. Horrez gain, nabarmendu du BBKren eta Kutxabanken presidentetzan izandako jarduna "erabat leiala" izan dela eta Kutxabanken interesak jarri dituela beste ezeren aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.