«Egun ona da Alemaniarentzat eta Europarentzat». Arindua adierazten duten hitz horiekin txalotu zuen Angela Merkel kantzilerrak Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak trabarik ez jartzea Europako Egonkortasun Mekanismoari (ESM). Egun ona Mario Montirentzat eta Mariano Raxoirentzat ere, erreskatea eskatu behar ez izateko esperantza txikiari eusten laguntzen dielako.Edo, erreskatea behar izatekotan, ESM prest egongo delako haiei eta haien bankuei dirua uzteko. Merkatuek ere ontzat hartu dute: euroa indartu da, burtsak igo dira eta arrisku sariak txikitu.
Alemaniako Auzitegi Konstituzionalarekin ohikoa den moduan, baiezkoa baldintzekin etorri da: Alemaniako Gobernuak ezingo dio ESMri diru gehiago agindu Bundestagen oniritzirik ez badu. Gainera, erreskate funtseko kideek ezingo dizkiote trabarik jarri diputatuek egindako informazio eskaerei. Aurrekontu gaietan Alemaniako Legebiltzarra subiranoa dela nabarmendu nahi du horrela Karlsruheko auzitegiak.
Erabaki hori espero zen. Batetik, ezezkoaren ondorioak neurtezinak izan zitezkeelako. Euroguneko agintariek zorraren krisia kontrolatzeko nekez sortu ahal izan dituzten tresna guztiak hankaz gora jarriko zuen, eta Italiaren eta Espainiaren arrisku sariak berriro goia joko zukeen. Bestetik, epaia ez da ustekabea izan aurretik Konstituzionalak ontzat hartu dituelako euroa salbatzeko Berlingo gobernuak bultzatutako neurri guztiak. Haien gaineko kontrol demokratikoa exijitzera mugatu da. Azken horrek zaildu egin ditu Merkelen mugimenduak, EBko beste buruekin negoziatutakoa bere diputatuekin ere lotu behar dituelako, eta horietako asko gero eta euroeszeptikoagoak direlako. ESMren sorrerak, esaterako, oposizioko SPDren eta Berdeen aldeko botoarekin egin zuen aurrera. Ezkerreko Die Linkek, berriz, Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen gaia, eta hori egin zuten CSUko disidente batek eta Demokrazia Gehiago herritar taldeak ere.
Presidentearen sinadura
Auzitegi Konstituzionalaren hesia gaindituta, hurrengo asteotanizenpetuko du ESM sortzeko legea Joachim Gauck errepublikako presidenteak. Aurretik baliteke legean moldaketa batzuk egitea, epaileek behartutako xehetasunak egiteko. ESM bera ez da urtarrilaren 1a baino lehen erabilgarri egingo, Jean Claude Juncker haren behin-behineko arduradunak onartu duenez. Edozein moduz, urriaren 8rako deitu ditu ESMko Gobernadoreen Kontseiluko kideak.
Espainiaren eta Italiaren erreskaterako tresna onartu dute Alemaniako epaileek
Alemaniako Auzitegi Konstituzionalaren baiezkoari esker, Europako Egonkortasun Mekanismoa 2013an jarriko da indarreanEpaia txalotu du Merkelek, eta merkatuek arrisku sarien jaitsierarekin erantzun dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu