Dolua eta atsekabea adierazteko egunak dira fededunentzat. Merkatuen zigorra samurtzeko penitentzia Aste Santuari aurreratu zion Espainiako Gobernuak, aurrekontu murriztaile eta gogorrak aurkeztuta. Barkazioa konfiantzaz mozorrotuta espero bazuen, kontrakoa gertatu zaio: kontu publikoak orekatu ezinik dabiltzan ustezko susmagarrien artean kokatu da berriro. Indar gehiagorekin, gainera.
Zorraren krisia azkar mugitzen den gaitza da. Grezia, Portugal eta Irlanda zainketa berezien unitatean daude aspaldi, eta beste gaixo batzuk ere ez daude urrun. Joan den udan Italiaren eta Espainiaren egoerak alarma guztiak piztu zituen. Apurka, Italia bihurtu zen arreta puntu nagusia, Silvio Berlusconi lehen ministro iheskorra jokalekutik kentzeraino. Azaro beltza gainditu zuten bi herrialdeek, EBZk emandako finantza botikari esker. Grezia porrotaren heriotzatik libratzeko lehentasuna gaindituta, kezkak zeuden tokira itzuli dira.
Oraingoan egoera trukatu dute Espainiak eta Italiak. Bi herrialdeek aldatu dituzte agintariak. Mario Montik eta Mariano Raxoi menia txiki batekin agurtu zituzten merkatuek. Lasaitasunak ez du asko iraun, eta, azken egunetan, Espainiaren egoera da inbertsiogileen mesfidantza sortzen duena. Atzo, arrisku sariak 400 oinarrizko puntuak gainditu zituen. Alderik handiena da, Raxoi presidente izendatu zutenetik. Espainiako burtsaren balioa gutxienekoetan dago, halaber.
Defizita kosta ahala kosta murrizteko promesari engaiatu zitzaion Raxoi. Bruselak ere gerrikoa pixkat arintzea lortu zuen, aurtengo helburua apur bat igota. Aurrekontu proiektua lehentasun horri erantzuteko asmoz egin dute popularrek, artaziak gogor astinduta. Baina ez da aski izan. Merkatuen eskizofreniak erdian harrapatuta du: defizita murriztea exijitzen zaio, baina hori egiterakoan ekonomiaren hazkunde itxaropena zapuzteko eta atzeraldian sakontzeko arriskua begi bistakoa bihurtzen denean, inbertitzaileek babesa ukatzen diote.
Zorraren prezioak gora jarraitzen du. Espainiaren hamar urterako bonuak %5,8ko interes tasarekin saldu zen atzo. Italiaren zorra ere garestitu da, eta interesa %5,5era igo zaio. Italiaren arrisku hobaria, hala ere, 400 oinarrizko puntuetatik behera jarraitzen du. Bien bitartean, Alemaniako zorrak ordaindu beharreko interesak merkatzen segitu du.
«Botika mingotsa»
Interesen igoaldia Espainiako egoerari egotzi ordez, testuinguru zabalago batean kokatzen saiatu zen atzo Luis de Guindos Ekonomia ministroa. «Europan hazkunde ekonomikoari buruz dauden zalantzekin zerikusia du egoerak. Hazkunderik ez badago, merkatuak kezkatzen dira». Merkatuen «urduritasunak» agerian uzten du ez dela soilik Espainiaren arazoa, haren ustez.
Arrisku sariaren hazkundea egindako murrizketak justifikatzeko baliatu zuen, berriz, Alfonso Alonso PPko bozeramaileak Espainiako Kongresuan. «Gogorarazten digu ekonomia oso larri dagoela». Hartutako bideari eustea defendatu zuen. «Austeritatea eta defizitari eusteko ahalegina ezinbestekoa da, hori da Espainiak konfiantza irabazteko hartu behar duen botika mingotsa».
Frantzian, Nicolas Sarkozyk François Hollande hautagai sozialista kritikatzeko erabili zuen Espainiaren egoera. «Hollanderen neurriak ezartzea Espainiaren pareko nora ez ekonomikora garamatza, edo Greziarenera».
Espainiaren penitentzia
Arrisku hobariak 400 oinarrizko puntuak gainditu, eta goia jo du Mariano Raxoi presidente izendatu zutenetikMurrizketak hartu beharreko «botika mingotsa» direla adierazi du PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu