Espainiak bere zor bonuen truke inbertitzaileei eskaini behar dien interesa hodeien gainetik dabil; Frantziak eman behar diena, aldiz, sasien azpitik, lurraren pare. Espainiako eta Frantziako altxorrek zorra jaulki zuten atzo. Espainiakoak bost urteko zor bonuen truke %6,1eko interesa eskaini behar izan zuen, 1996tik eman behar izan duen altuena; Frantziak, ordea, %1,46ko interesa ordaindu beharko du.
Espainiako Altxorrak 2.219,3 milioi euro jaulki zituen atzo, bi, hiru eta bost urterako zor bonuetan. Europaren erreskatea jaso beharko duela onartu zuenetik bigarren enkantea izan zen. Espero baino diru gehiago lortu zuen, eta inbertitzaileek askoz ere gehiago eskatu zioten, lortutakoaren halako hirutik gora. Eskaria handia izan zen, baina interesa ere bai: bi urterako zor bonuen truke %4,79ko interesa ordaindu beharko du (aurrekoan %2,2) eta hiru urtekoen truke %5,51koa (aurrekoan %4,9).
Arrisku sariak eta hamar urterako zor bonuen interesak jaitsi egin ziren atzo ere, herenegun baino gutxiago hala ere: arrisku sariak oinarrizko 508 puntuan amaitu zuen atzo, herenegun baino bost puntu gutxiago (uneren batean 500etik behera egon zen); hamar urterako zor bonuen interesa, berriz, %6,5ean geratu zen zorraren bigarren mailako merkatuetan, %7tik gero eta urrunago.
Espainiako Gobernuak dio jada jaulki duela aurten behar duen zorraren %61,4. Gehiena urte hasieran eskuratu zuen, zor merkatuak lasaiago zeudenean. Guztira aurten 86.000 milioi euroren zorra saltzea aurreikusi du. Hurrengo astean hiru eta sei hilabeterako letrak jaulkiko ditu.
Frantziak, 8.432 milioi euro
Frantziako Altxorraren Agentziak 8.432 milioi euroko zorra jaulki zuen atzo, bi, hiru, lau eta bost urterako zor bonuetan. Eskaera eskaintzaren bikoitza baino handiagoa izan zen: bi urterako zor bonuen truke %0,54ko interesa eskaini zuen (maiatzean %0,74), hiru urtekoengatik %0,83 (urtarrilean %1,51), lau urtekoengatik %1,05 (martxoan %1,40) eta bost urtekoengatik %1,43 (maiatzean %1,72).
Frantziaren arrisku saria oinarrizko 114 puntukoa da eta hamar urterako zor bonuen interesa %2,66koa da zorraren bigarren mailako merkatuetan.
Krisia eurogunean
Espainiaren zorrak goia jo du; Frantziarenak, hondoa
Espainiaren arrisku sariak jaisten jarraitzen du, baina zorraren truke inoiz baino gehiago ordaindu behar du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu