Azken astean, Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak esan du Europaren balizko erreskateak ez duela murrizketa gehiago eskatuko. Horren ordez, ekonomia zuzentzeko "erreformak" izango direla agindu du. Hilaren 28an ditu aurkeztekoak Madrilgo gobernuak, 2013rako aurrekontuekin batera. Junckerrek, baina, ez du erreformen eta murrizketen artean bereizketa handirik egin. Haren arabera, Espainiak defizita jaitsiko duela ziurtatzeko hainbat baldintza jarriko dizkiote. Euroguneko finantza ministroak biltzen dituen taldeko burua da Juncker.
Bitartean, Espainia merkatuen su-etena baliatzen ari da bere burua finantzatzeko. Atzo, 4.500 milioi euroren zorra saldu zuen, eta apirilaz geroztiko interes txikiena pagatuko du bonu horien truke.