Kapital ihesak ez du etenik. Atzerriko inbertitzaileek bizkar eman diote Espainiari, eta dirua beste herrialde batera eramateko estrategiarekin jarraitzen dute hilabetez hilabete. Espainiako Bankuak argitaratu duen azken ordainketa balantzaren arabera, 2012. urteko lehen bost hilabeteetan 163.000 milioi euro atera dira Espainiatik. 2011. urteko epe berean 14.000 milioi sartu ziren, eta urte osoan 73.000 milioi atera ziren, aurtengoaren erdia baino gutxiago.
Maiatzean soilik 41.300 milioi euro atera ziren. Besteak beste, Bankiaren krisia eta finantza erakundea nazionalizatzeko erabakia hartu ziren hilabete horretan. Kopuru adierazgarria bada ere, ez da orain arteko txarrena izan. Kapital irteerak goia jo zuen martxoan, inbertitzaileek hilabete bakar batean 66.000 milioi baino gehiago beste herrialde batera eraman zituztenean.
Euroa indarrean sartu zenetik dirua eta inbertsioak erraz erakarri zituen Espainiak, kreditu merkeak eta ustezko arrisku faltak bultzatuta. 2010. urtera arte, esaterako, finantza kontua alde zuen. Haatik, egoera errotik aldatu da orain. Azken 11 hilabeteetan negatiboa izan da finantza kontua. Tarte horretan 259.000 milioi euro atera dira Espainiatik. Herrialdeko barne produktu gordinaren laurden bat da hori. Kalkuluak egiterakoan, inbertsio zuzenak, akzioak edo zorra aintzat hartzen ditu Espainiako Bankuak, baita bestelako eragiketak ere (maileguak, gordailuak eta berrerosteko eragiketak).
Kapital irteera atzerriko enpresa eta pertsonak bultzatzen ari dira. Maiatzean, 12.200 milioi euro saldu zituzten zor publikoan eta akzioetan, eta beste 13.600 milioi bestelako eragiketetan. Soilik inbertsio zuzenak izan zuen aldeko kopurua, baina 621 milioi euro horiek urteko kopururik eskasena dira. Urtearen joanean 114.000 milioi atera dituzte atzerritarrek Espainiatik, egin dituzten inbertsio zuzenak — ia 10.000 milioi — aintzat hartu ondoren.
Diru gehien atzerrira eramaten ari den atala, dena den, bestelako eragiketak biltzen dituena da. Urtearen joanean atera den diruaren %60 inguru da. Funtsean, finantza sistemako eragileek eta bankuek egiten dituzten eragiketak dira. Atal horretan parez pare geratzen dira atzerriko eragileek eta Espainiakoek atera dutena, 54.000 milioi bakoitzak. Kopuru handi horiek Europako Banku Zentralak urte hasieran emandako likideziarekin lotura izan dezake. Diru hori hartu, eta ondoren Eurosistemako erakundeetan gorde dute finantza erakundeek.
Berriro galerak burtsan
Azken egunetako igoeren ondoren, zenbaki gorriak bueltatu ziren atzo Europako burtsetara. Espainiako Ibex-35 indizeak ia %1 galdu zuen, aurreko hiru egunetan ia %14 gora egin ondoren. Bihar Europako Banku Zentralak har ditzakeen neurrien esperoan, arrisku sariak ere gora egin zuen atzoko saioan. Itxieran, 546 oinarrizko puntura iritsi zen, bezperan baino 23 puntu gehiago.
Espainiatik 163.000 milioi euro atera dira aurten
Azken 11 hilabeteetan inbertitzaileek 259.000 milioi eraman dituzte atzerrira, BPGaren laurden bat inguru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu