Espedienteen aurkako kanpaldia

Astelehenetik gaur arte, Nafarroan erregulazioko espedienteak aurkeztu dituzten enpresetako langileek kanpaldia ezarri dute Parlamentu aurrean

joxerra senar
2008ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Sarasate pasealekuak bere ohiko itxura aldatu du aste honetan. Nafarroako Parlamentuaren aurrean, LABen ekimenez, hiru kanpadenda handi jarri dituzte, eta astelehenetik gaur arte, hainbat langilek 24 orduko egonaldia egin dute. Euren asmoa da gizarteari jakinaraztea Dana Automociones, Arvin, Nissan, Kybse, Koxka enpresek eta Iruñerriko beste hainbat tailer txikik enpleguak murrizteko erregulazioko espedienteak aurkeztuak dituztela, eta orotara, 700 lanpostu inguru arriskuan daudela uneotan Nafarroan.

«Kanpaldi honek enpresa horietako langileok ditugun arazoen inguruko elkargunea izatea du helburu», azaldu dio Juantxo Goien Danako langileen batzordeko ordezkariak BERRIAri. Kybse enpresako LABeko ordezkariek bultzatu zuten hasiera batean kanpaldia, baina Goienek dio mundu guztiari «irekita» dagoela: «Ez diegu siglei erreparatu nahi jendearen artean inolako susmorik ez pizteko». 24 orduko txandak egiten dituzte, eta atzokoan Danako langileei egokitu zitzaien kalean egotea herritarren sinadurak biltzen.

Herritarrak kezkatuta

Goienen arabera, herritarrek «oso harrera ona» egin diete langileei: «Jendea oso kezkatuta dago, egoera oso makurra delako. Batzuek aipatu digute enpresek psikosiaz baliatzen direla langileak zigortzeko». Gaur amaituko da kanpaldia, eta egunotan ehunka sinadura bildu dituzte. Idatzian herritarrek Nafarroako Gobernuari eskatzen diote ez dezala sinatu Lan Departamendura langileen babesik gabe heltzen den lan erregulazio espedienterik.

Hain zuzen ere, atzo izan ziren Danako langileak Parlamentuan legebiltzarkideei egoeraren berri ematen, eta oro har, bilerari buruz «nahiko irakurketa ona» egin dute. Parlamentariak kezkatuta ikusi dituzte, eta UPN «harrituta» agertu da Danako zuzendaritzak jarrera itxia duelako. UPNk azaldu die langileei espedientea ondo aztertzeko eskatuko diola Jose Maria Roig kontseilariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.